Herriarteko Txapelketaren finalaz gozatuko dute bihar, Astigarragako pelotariek. Haundia egin dute orain arte, eta haundiagoa egin nahi dute bihar: Azpeitiari ezustekoa eman, eta txapelak herrira ekarri. Donostiako Atano III frontoian ariko dira, 10:30etan hasita, sei protagonista astigartarrak: Olarra eta Zapiain kadeteak, Oiarbide eta Exposito jubenilak, eta Loidi eta Santxez nagusiak.
Gainera, Udalak eskatuta, bertara joateko A2 autobus bat gehiago izango da, 09:50etan abiatuta Astigarragatik, eta bueltatzeko beste bat, 13:00etan.
Finalerako sarrerak, salgai daude herriko tabernetan. Eta baita ere, ondoren Petritegin egingo duten bazkari herrikoirako listak. Ondo ospatzekoa da eta!