Aparkaldi mugaturako guneak aurkeztu zituzten Udalak eta Astikok, asteazkenean, merkataritza biziberritzeko plan bereziaren barruan. Izan ere, helburua da «jendeak erosketak Astigarragan egiteko, erraztasunak ematea», eta sei tokitan, aparkaleku urdinak jarriko dituzte, 22 guztira: Pelotari kalean (7), Joseba Barandiaran plazaren ondoan (4), Kutxabank inguruan (3), Tomas Alba kalean (3), Kale Nagusian (3) eta Ergobia plazatxoan (2).
‘Diskoak’, ordubeterako
Horietan, ordubetez aparkatu ahal izango da, Jesus Mari Santos alkateak azaldu zuenez, ordutegi honetan: astez, 09:00-13:30 eta 16:00-20:00; eta larunbatetan, goizez bakarrik. Horretarako, diskoak egin dituzte, jendeak zehazteko noiz aparkatu duen, eta noiz arte egon daitekeen bertan.
Disko horiek, Astikoren komertzioetan eskatu daitezke, orria beteta. Etxez etxe banatu dituzte eskaera orriak, eta baita aparkalekuei buruzko triptikoak ere.