Espainiako Kongresu eta Senaturako Hauteskundeak izan ziren igandean, eta emaitzak eskuartean dituztela, balorazioa egin du Hernaniko EH Bilduk. Kronikara bidali duten prentsa oharrean azaldu dutenez, Espainiar hauteskundeek zapore mingotsa utzi dute EH Bildurentzat: «emaitzak ez dira batere onak izan gure indar politikoarentzat».
«Euskal Herrian gehiengo haundi bat dago erabakitzeko eskubidearen alde»
EH Bilduren esanetan, hauteskundeetako emaitzek argi utzi dute Euskal Herrian gehiengo haundi bat dagoela erabakitzeko eskubidearen alde eta eraldaketa sozialaren alde: «nabarmen geratu da Hego Euskal Herriko jendarteak gaur egungo egoera politikoaren aldaketa sakona nahi duela. Hori izan da EH Bilduren proposamenaren mamia, baina argi ikusi da euskal jendartearen zati haundi batek erabilgarriago ikusi duela Podemosek isladatzen duen Espainiako aldaketa».
Abstentzioaren gorakadak kalte egin diela dio EH Bilduk: «abstentzioak kalte egin digu. Gure oinarri sozialaren zati haundi batek nabarmen utzi du espainiar parlamentuan parte hartzeari ez diola zentzurik hartzen».
«Argi geratu da Espainian ez dagoela sakoneko aldaketa politikoa egiteko aukerarik»
Bestalde, gehitu dute EH Bilduren analisia zuzena dela: «Hego Euskal Herrian Podemosek irabazi du, baina argi geratu da, gure analisia zuzena dela, hau da, Espainia barruan ez dagoela sakoneko aldaketa politikoa egiteko aukerarik. Igandeko emaitzek adierazten digute Euskal Herriarentzat Independentziaren premia gero eta haundiagoa dela. Beraz, euskal gizartearekin dugun konpromisoa berresten dugu. Euskal Herrian errotutako prozesu independentista eta askatzailea martxan jartzeko urratsak ematen jarraituko dugu».
Azkenik, eskerrak eman nahi dizkiete beraiengan konfiantza jarri dutenei: «eskerrik asko guregan konfiantza jarri duten milaka eta milaka euskal herritarrei. Independentziaren bidea mantsoa da, baina pazientziarekin, herriari entzunez eta herritarrengandik ikasiz azkenean emango ditu fruituak: ezkerretik eraikitako Euskal Herri independientea eta askea».