San Joanak bukatuta, oposizioak, hau da, EAJ, Orain Hernani! eta PSE-EE alderdiek prentsa oharra bidali dute elkarrekin, festetako programan erabili den hizkuntzaren harira: «oposizioak egiaztatu du Udalak festetan programan euskera eta gaztelaniarekin egindako probak huts egin duela. Hernaniarren kexa ugari jaso ditugu; askok uste zuten programa euskeraz zela soilik». Prentsa oharrean aurreko urtetako formatura itzultzeko eskatu dute: «ikusita probak adostasuna baino istilu gehiago sortu duela, datozen urteetan lehen erabiltzen zen formatu berdinera itzultzeko eskatzen dugu. Hau da, euskerari lehentasuna ematea, baina gaztelania errespetatuta».
Oposizioko taldeek diote, ulertzen dutela euskera dela Hernanin hitz egiten den hizkuntza, baina badaudela gaztelaniaz eta euskeraz hitz egin arren, gaztelaniaz irakurtzen dutenak: «gaztelaniak izan duen trataerak sortu digun kezka azaldu nahi dugu. Leku testimoniala izan du, eta ondorioz, hernaniar askorentzat zaila izan da programa irakurtzea».
Azkenik, hiru alderdiek azpimarratu nahi izan dute logikoa eta desiragarria dela euskera erabiltzea informazioa zabaltzeko hizkuntza gisa: «baina ezin ditugu gaztelaniar hiztunak ahaztu; eta ezta ere, informatuta egoteko eskubidea duten hainbat euskaldun ere. Gobernu Taldeari jakinarazi nahi diogu 2016ko festetako programan egin duten probarekin ez dutela asmatu».