2015eko Hernani Erabaki prozesuan hala erabakita, Udalak obrak egin ditu Lizeaga auzoko aparkalekuak txukundu eta areagotzeko: «Lizeaga auzoan bukatu berri den obra Hernani Erabaki 2015 parte hartze prozesuan aukeratutako proposamena izan zen».
Udalak gogoratu du, Udaleko zerbitzuetako arduradunek eta auzo elkarteko bizilagunek elkarlanean landutako proiektua izan dela: «auzo elkartearen lehentasuna zen auzoan zegoen aparkalekuaren arazoa samurtzea. Egin diren egokitzapenen ondorioz, aparkalekuak txukundu eta areagotu egin dira».
Hainbat moldaketa, aparkalekuak gehitzeko
Prentsa oharrean azaldu dutenez, hainbat izan dira egindako moldaketak eta obra guztien kostu totala 75.507 eurokoa izan da: «Lizeaga auzora sartu eta ezkerrean zegoen espaloiari zati bat kentzea erabaki zuen auzo elkarteak, eta lerroan zegoen aparkalekua bateria izatera pasa da. Eskubian ere egokitzapenak egin dituzte, eta beraz aparkaleku gehiago daude orain. Kostua 32.375 eurokoa izan da. Bestalde, beheko bihurgunea pasata, gutxi erabiltzen zen espaloia egokitu du Udalak eta orain bateria moduko aparkalekua da». Bestalde, azaldu dute, espaloia ezkutatzeko egin duten obra medio, Victor Hugo kaletik pasatzen zen ur-hornidura sarearen hodi bat berritu behar izan dutela: «horren kostua 32.300 eurokoa izan da».
Azkenik, adinekoen egoitzaren azpian zegoen gunea asfaltatu dutela azaldu dute, eta baita AEkren aurreko asfaltoa berritu ere. Honen kostua 10.832 eurokoa izan da».