Espainiako Kongresu eta Senaturako diputatu eta senatariak bozkatu zituzten astigartarrek igandean. Abenduan izan ziren azken hauteskundeak, eta gobernua osatzeko zailtasunak medio, bigarren deialdia egin zuten igandean. Orduan bezala, astigartarrek Unidos Podemos koalizioari eman zioten boto gehien: 961. Bigarren indarra EH Bildu izan zen 625 botorekin. EAJ alderdiak 592 boto jaso zituen. PSE-EE laugarren bozkatuena izan zen, 253 botorekin. Eta atzetik geratu ziren PP eta Ciudadanos, hurrenez hurren, 164 eta 83 botorekin.
Partehartzeari erreparatuz gero, behera egin zuen abenduko datuekin alderatuta: astigartarren %63,65ak eman zuen botoa, %3,36 gutxiagok. Abstentzioa, beraz, %36,35ekoa izan zen.
Botoen konparaketa eginez gero, Unidos Podemos koalizioak gora egin du, nahiz eta aurrekoan bakoitza bere aldetik aurkeztu zen: igandean 961 boto jaso zituzten; abenduan, Podemosek 825 jaso zituen; eta IUk 66. EH Bildu bigarren indarra izan zen abenduan ere; igandean 117 boto gutxiago jaso zituzten. EAJ alderdiaren joera ere bera izan zen, 66 boto gutxiago jaso baitzituen. PSOE eta PP alderdiek aldiz, gora egin zuten: 10 eta 20 boto gehiago lortu zituzten igandean, hurrenez hurren. Azkenik, Ciudadanos alderdiak behera egin zuen, 20 bototan.
PP nagusi, Espainian
Estatu mailako emaitzei dagokienean, PP izan zen igandean garaile, 137 diputaturekin; gora egin zuen alderdi bakarra izan zen. PSOEk bigarren indarra izaten jarraitzen du, 85 diputaturekin, abenduan baino 5 gutxiago. Unidos Podemos alderdiak, berriz, 71 diputatu lortu zituen; abenduko berdinak, bi alderdiak kontuan izanda. Ciudadanos alderdiak aldiz, 32 lortu zituen, 8 gutxiago. Euskal alderdiei dagokienean, EAJk 5 diputatu izango ditu, bat gutxiago; eta EH Bilduk abenduan lortutako berak, 2 diputatu.