Welcome pintura erakusketa ikusteko aukera izango dute ostiraletik aurrera, Orona Ideora gerturatzen direnek. Izenak berak dioen moduen, erakusketak ongietorriaren kontzeptua zabaldu nahi du gizartera; pertsonen eta herrien arteko integrazioa eta errespetua lortu nahi ditu. Ikusgai dauden artelanetan artistek ongietorriaren inguruan duten ikuspuntua azaleratu dute; tartean, Europak errefuxiatuen krisiarekin egun bizi duen egoera. Bestalde, azaldu dutenez, artisten arteko elkarrizketa ere bilatzen dute: «artistek gaiaren inguruan hitz egitea nahi dugu, ikuspuntu ezberdinak azaleratzea».
Nondik dator erakusketa?
Welcome erakusketa Donostia 2016 hiriburutzaren bueltan antolatu du Kenkt elkarteak: «hiriburutzaren balore nagusietako bat da elkarbizitza, eta Europako artista guztiek izan dute gai honen inguruan duten bertsioa emateko aukera: nolako ongietorria egiten diogu elkarri? Nola demostratu daiteke ongietorria benetakoa dela?... horiek eta beste hainbat galdera egin dizkiegu artistei».
Izan ere, antolatzaileek diote, Europak errefuxiatuekin bizi duen egoera ezin dela ezkutatu: «milioika errefuxiatu iritsi dira herrialde hauetara, eta hori errealitate bat da, ukatu ezin dena. Bigarren Mundu Gerratik Europak ez dio halako egoera bati aurre egin beharrik izan. Erakusketarekin azaleratu nahi izan dute, min hau eta egoera hau isilean bizi dutenen egoera.
Elkarbizitzaren inguruan Europako artistek duten ikuspuntua izango da ikusgai Orona Ideon.
Erakusketa baino gehiago
Erakusketaren bueltan beste hainbat ekimen ere antolatu dituzte uztaileko aurreneko hamabostaldian.
Inaugurazioa ostiralean izango da, 17:00etan, eta aurkezpena, jana eta musika ez dira faltako. Larunbatean, arte solasaldia antolatu dute euskal artistekin. Lucia Duque artista malagarra izango da moderatzailea. Igandean berriz, herrian bertan izango dira ekimenak: Atsegindegin. Txikienentzat margo tailerra antolatu dute, 12:00etatik 14:00etara. Bertan egiten dituzten lanak gainera, ikusgai jarriko dituzte Orona Gallery erakusketa aretoan. Ordu eta leku berean, helduek euskal dantza tailerra izango dute: Agurra dantzatzen ikasiko dute.
Bigarren asteburuan ere, izango dira ekitaldiak. Hilaren 8an errefuxiatuen inguruko mahai ingurua antolatu dute; 17:00etatik 19:00etara izango da, eta Noemi Mena izango da moderatzailea. Larunbatean, Jam Session musika emanaldia izango da bertako eta kanpoko artistekin: Josh Bristher estatubatuarra, Hatikan hernaniarra, Lorratzak andoaindarra, Ana Basozabal durangarra, bertsolariak... 19:00etatik 20:00etara izango da. Igande eguerdian ere, segida izango du musikak. Kasu honetan, Resonance musika taldea entzuteko aukera izango dute, 12:00etatik 13:00etara, gerturatzen direnek. Erakusketa uztailaren 13ra arte egongo da zabalik, eta egun horretan ere, musika izango da protagonista: euskal musika instrumentalak girotuko du 18:00-19:00 bitarteko tartea. Ondoren egingo da sari banaketa.
Erakusketaz gain, mahaingurua, tertulia, kontzertuak eta umeentzako tailerrak ere antolatu dituzte hamabost egunetan zehar.
Artista onenei, hiru sari
Erakusketa uztailaren 15a arte egongo da ikusgai Orona Ideon, eta parte hartu duten artistetatik bat sarituko dute antolatzaileek. Gehienez 25 lan izango ditu erakusketak, eta horietatik 3 aukeratuko ditu epaimahaiak. Aurreneko saria, lan onenak jasoko du: 1.000 eurokoa eta aipamena. Bigarren saria artista lokalarentzat izango da, eta Euskal Autonomi Erkidegoan erroldatua egotea izango da baldintza: 300 euro eta aipamena. Azkeneko saria ikusleek emango dute: 300 euro eta aipamena.
INFORMAZIO GEHIAGO
Ordutegia
Ostirala 17:00-21:00
Larunbata eta igandea:
11:00-14:00 eta 17:00-21:00
Ekitaldiak
Uztailak 1
17:00 Ate irekiak
18:00 Aurkezpena
18:30-19:30 Catering zerbitzua eta Romance musika taldeak musika instrumentalarekin aurkezpena girotuko du.
Uztailak 2,
18:00-20:00 Arte solasaldia euskal artistekin. Moderatzailea: Lucia Duque.
Uztailak 3,
12:00-14:00 Haurrentzako margo tailerrak eta helduentzako Euskal Dantza tailerra (Agurra). Atsegindegin.
Uztailak 8,
17:00-19:00 Mahai ingurua ‘Errefuxiatuak’ gaiarekin.
Uztailak 9,
19:00-20:00 Jam Session: Josh Brister (USA), Hatikan (Hernani), Lorratzak (Andoain), Ana Basozabal (Durango) eta bertsolariak.
Uztailak 10,
12:00-13:00 Resonance musika taldea
Uztailak 15,
18:00-19:00 Euskal musika instrumentala.
20:00 Bukaera eta sari banaketa.