Hauteslekuak itxi eta aurreneko emaitzak kaleratu ziren bezain azkar agerian geratu zen atzo, EH Bildu eta Podemos Unidos alderdien arteko berdinketa. Atzetik eta aurretik joan ostean, EH Bilduk irabazi zituen Hernanin, Espainiako Kongresu eta Senaturako Hauteskundeak. 9.444 hernaniarrek eman zuten atzo botoa, eta horietatik 2.879k aukeratu zuten EH Bildu. Atzetik, oso gertu, 13 boto gutxiagorekin, Unidos Podemos alderdia geratu zen bigarren: 2.866 boto lortu zituen. Hirugarren indarra EAJ alderdia izan zen Hernanin, 1.492 botorekin; PSE-EE (PSOE) izan zen laugarren alderdi bozkatuena, 1.071 botorekin. PPri 587 hernaniarrek eman zioten botoa. Eta Ciudadanos alderdiak 186 boto jaso zituen.
Partehartzeari dagokionean, behera egin zuen atzo. 10.260 herritarrek eman zuten botoa 2015eko abenduan; atzo 9.444 herritarrek, %5,2 gutxiagok. Abstentzioak beraz, gora egin zuen: %38,23koa izan zen atzo.
Alderdi gehienak, behera
Abenduko hauteskundeetako datuekin alderatuz gero, orduan ere EH Bildu izan zen alderdi garailea Hernanin, 3.304 boturekin; atzo 425 gutxiago jaso zituen. Unidos Podemos alderdiaren kasuan, abenduan Podemos aurkeztu zen hauteskundeetara, eta orduan 2.863 boto jaso zituen; atzo 3 gehiago. EAJ alderdiak behera egin zuen atzo botoetan: abenduan 1661 boto jaso zituen, atzo 169 gutxiago. PSE-EE alderdiak ere behera egin zuen atzo: 1.130 jaso zituen abenduan, eta 1.071 atzo. PP eta Ciudadanosen kasuan ere, joera bera izan da: 4 eta 69 boto gutxiago jaso zituzten atzo, hurrenez hurren.
Unidos Podemos nagusi Gipuzkoan eta Hego EHn
Gipuzkoa eta Hego Euskal Herriko datuei erreparatuz gero, bietan Unidos Podemos izan zen nagusi. Gipuzkoan 2 diputatu lortu zituen Kongresurako, EAJren pare, baina boto gehiagorekin. Hego Euskal Herrian zortzi diputatu lortu zituen Unidos Podemosek; bigarren EAJ izan zen bost diputaturekin.
PP nagusi Estatuan, gora egin duen alderdi bakarra izan zen
GOBERNUA osatzeko adostasunera iritsi ezinda, 2015eko abenduan izandako hauteskundeak errepikatu ziren atzo: Kongresu eta Senaturako diputatu eta senatariak aukeratu ziren Estatuan. PP alderdia izan zen atzo garaile nagusia, diputatu gehiago lortu zituen alderdi bakarra izan baitzen: 137 diputatu lortu zituen. PSOE alderdia izan zen bigarren bozkatuena, 85 diputaturekin. Unidos Podemos alderdiak 71 diputatu lortu zituen, eta Ciudadanosek 32. Alderdi euskaldunei dagokienean, EAJk 5 diputatu izango ditu Kongresuan, eta EH Bilduk 2.