Gaur emango zaio bukaera aurtengo San Joan jaiei, gauerdiko Bandera Jaitsierarekin, baina hori baino lehen ekintza mordoa izango dira egun osoan zehar. Horien artean herri kirolek garrantzia nabarmena izango dute gaur eguerdiko 11:30etatik aurrera, Elur Txori elkarteak antolatuta.
Bolatoki ibiltaria, aurten ere
Herri kirolen egunari hasiera emateko, aurreneko zita Plazan izango dute herritarrek. Bertan jarriko dute bolatoki ibiltaria, bigarren urtez, herritarrek jolastu dezaten. Bestalde, Plazan egingo da, baita ere, espezialisten erakustaldietako bat.
Punta-puntako bi aizkolari, aurrez aurre
Baina, herri kirolen erakustaldian aizkolariak izango dira protagonista nagusiak 12:30etatik aurrera, Tilosetan. 2016ko Urrezko aizkolari txapeldunen ligako kanporaketa jokatuko dute bi kirolarik. Aurrez aurre arituko dira helduetan txapeldunen artean dagoena, eta gazteetako promesa. Horiek dira, hain zuzen, Errezilgo Xabier Orbegozo Arria V, 2016ko Urrezko txapeldunordea, eta Beizamako Eneko Otaño, 2016ko Gazte mailako txapelduna.
Ez dute lan makala izango, izan ere, 20 enbor izango dituzte, eta 5 izakera. Baina ez hori bakarrik, bertaratutakoen begiak ere gainean izango dituzte, aurtengo Urrezko Aizkora nork eramango duen zain.
Tartean, harrijasotzailea
Antolatzaileek publikoarengan pentsatu dute, eta hortaz, bertaratutakoek ez dute aspertzeko tarterik izango; bertan izango da Joseba Ostolatza harrijasotzailea, aizkolarien atsedenerako tarteak betetzeko asmoz.