Ekainaren 26a, aurten igandearekin, da San Joan jaietako egun nagusia, Goiz Eguzki egoitzako bazkideentzat. Eta ederki ospatuko dute, beste behin.
Goizeko 10:00etan jarri dute aurreneko zita, eta bazkideek beraiek, gimnasia erakustaldia eskainiko dute, Goiz Eguzkiko terrazan.
Kaleko jokoak eta sariak
Erakustaldia bukatzean, kaleko jokoei helduko diete. Toka, igela, bote eta dardo txapelketak izango dira, eta onenentzako, baita sariak ere! Bukaeran banatuko dituzte.
Baina onenentzako bakarrik ez, denentzako izango da saria gero. Izan ere, luntxa egingo dute egoitzako bazkideentzat.
Antzerkia, arratsaldean
Arratsaldean segiko du festak, eta Goiz Eguzki antzerki tailerrekoek, emanaldia eskainiko dute, 18:00etatik aurrera. Hiru antzezlan izango dira: La estética, El atraco, eta El descanso.