Egun haundia da gaurkoa herriko koadrilentzat; alkandora, blusa edo kamixeta koloreduna jantzi eta lagun artean pasatzekoa. Koadrilen bazkaria da ohitura zabalduena, baina hori baino lehen, eguerdiko 13:00etan, brindisa egingo dute herriko koadrilek Plazan. Ondoren, bazkaltzeko garaia izango da, eta Sutu Jaiak ekimenak Tilosetan egingo du herri bazkaria, urtero bezala (txarra egiten badu, Elizatxo Ikastolan).
Hainbat ekintza, aurretik
Baina hori ez da eguneko ekintza bakarra izango. Dianak emango die egun ona hernaniarrei goizeko 07:00etan, eta ondoren izango dira sokamuturra eta Azeri Dantza.
Hiru txaranga, egunean zehar
Txarangak ere ez dira faltako; beraiek jarriko dituzte dantzan herriko koadrilak. Goizeko 11:00etan aterako da aurrenekoa, Santa Barbara txaranga; Betikoak izango da bigarrena, arratsaldeko 19:00etatik aurrera; eta eguna bukatzeko, Incansables txarangak egingo du bueltaxka gauerdian.
Dantzatzen jarraitzeko aukera, gauean
Egun osoko nekea alde batera utzi eta gaualdean dantzatzeko gogoz jarraitzen duenak badu aukera: Patxi eta konpainiaren erromeria izango da Urbieta kalean, eta Gaubela taldea, Tilosetan. Biak gaueko 23:00etatik aurrera.
Bestalde, Reggae gaua egingo dute Molotoff Irratiaren txosnan, eta Sutu Jaiaken eszenatokian izango dira Ze Esatek! eta Niña Coyote eta Chico Tornado. l