«Goizero egun ona ematen diet hernaniarrei»

Kronika - Erredakzioa 2016ko eka. 24a, 02:00

Atzo lehertu zen festa, eta CD Hernani eta Xalapartako kideek bota zuten aurtengo San Joanetako aurreneko etxeferoa. Baina hori sal­buespen bat besterik ez zen izan, izan ere, Hernanik as­pal­ditik dauka etxefero jaur­titzaile bat, Juan Bau­tista Iturralde da bera, baina Lagarti ezizenagatik da ezagunagoa.
Portukoa da bera, eta ber­tako festak erabaki­garriak izan ziren gaur egun bere hobbiea den horretan. Auzo­ko festetan hasi zen etxe­feroak botatzen, eta gero, kasualitate hutsez bukatu zuen Udaletxeko balkoian: «Ezponda alkate zela, 1987-1991 legealdian, langa­be­zian negoen eta Jai Batzor­dean sartu nintzen. Orduan, Iñaki Eizmendi zen Kultu­ra delegatua, eta berak eskatu zidan San Joanetako etxe­feroak bota­tzeko». Ordutik, ezinbesteko zita du Lagartik   Udaletxeko bal­koia­rekin: «herriko festetan suziriak botatzeak harro­tasuna sen­tiarazten dit», dio berak.

252 suziri botako ditu aurten Iturraldek.

Txupinazoa, berezia
San Joan bezperako txu­pi­nazoan bakarrik aldatzen du kokalekua. Orduan, Uda­letxeko balkoia libre utzi, eta bera teilatura igotzen da, eta protagonismoa omen­­­­duei uzten die: «egun berezia denez,  potentzia haundixeagoa di­tuz­ten su­zi­riak botatzen ditut teila­tutik. Gainera, hor bakarrik egoten naiz, ez dit inork ikusten».

Ekintza nabarmenenetan, beti hor
Festetako egitaraua oso za­bala denez, Iturraldek ezin ditu ekintza guztiak ira­garri. Hori kontuan izanda, Udalak askatasun osoa uzten dio, nahi duen ekin­tzen aurretik etxeferoak bo­tatzeko. Horregatik, berak dio: «normalean ekintza na­bar­menetan botatzen ditut: Azeri Dantzan, au­rres­kuan, buruhaun­di­e­tan....». 
Horrez gain, badago ekintza bat inoiz huts egin ez duena: sokamuturra. Eguneko aurreneko suziria botatzen du goizeko 07:30ak aldera, eta berak dioenez, horrela «goizero egun ona ematen diet hernaniarrei».
Bestalde, gaueko ber­bena, kontzertu eta antze­koetan normalean ez du inoiz botatzen.
252 suziri, bost egunetan.

«Normalean ekintza nabarmenetan botatzen ditut: Azeri Dantzan, aurreskuan, buruhaundietan...»

Ez dauka zehaztuta ekintza bakoitzean zenbat etxefero botako dituen, baina Udalak erosten dituen guztiak bo­tatzen ditu bost egunetan: «azken egunerako asko so­bratzen badira, azkeneko eguneko arriadan eta zezen suzkoan botatzen ditut de­nak, ez da batere geratzen». 
Aurtengo jaietarako 21 dozena suziri erosi ditu Udalak, denera 252. Horiek guztiak Santa Barbara estilokoak direla azaldu du Iturraldek: «lehen potente­agoak bota izan ditut, baina orain Eusko Jaurlaritzak debekatu egin ditu».

San Joanetan, bestelako lanik ez
Lagartik modu berezian bizi izan ditu San Joanak, eta hala disfrutatzen du berak. Etxeferoak botatzea, hobbie moduan hartzen du, baina disziplina puntu bat ere badauka. Egun horietan, bere jaiegunak ez badira, jai hartzen du, eta ez da lanera joaten. Eta beste hainbat erokeri ere egin izan ditu: «Koadrila egunean Herna­nin bazkaldu izan dugu­nean, bazkaritik altxa izan naiz; Udaletxetik suziriak bota, eta bazkarira buelta egin izan dut».

Beldurtuta, haurrak
Herritarren artean ezaguna da jada etxefero jaurtitzaile bezala; horregatik, herri­tarrek askotan kalean ge­ra­tzen diote: «normalean an­tzeko gauzak esaten diz­kidate: «esnatu egin digu­zu» edo «haurrak beldur­tzen dira», eta horrela­koak». Baina, berak umorearekin hartzen ditu, jaiak dira eta!

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!