Musikak eta dantzak garrantzia nabarmena dute herriko jai guztietan, baita Hernaniko San Joanetan ere. Herriko jaiez denok gozatzeko moduko eskaintza egiten du aurtengo egitarauak.
Lau zita, hasteko
Musika protagonista den lau zitekin hasiko dira gaur San Joanak. Hasteko, San Joan erronda antolatu du Ohitura Zaharrak abesbatzak: 17:30-17:45ak aldera elkartuko dira Udaletxeko arkupeetan, eta ondoren, hasiko dute buelta, herrian zehar.
Ondoren, 18:30etan eskainiko dute kontzertua Kantuz eta Ozenki abesbatzek, Urbieta kalean. Eta hori bukatuta, San Joan Bataiatzailearen parrokian Salbe Nagusia izango da 20:30etan, eta aurretik, kontzertua emango du Parrokiko Abesbatzak.
Azkeneko hitzordua, Musika Bandak jarri du 20:30etarako; herriko kaleetan barrena San Joan Martxa joko du.
Gau elektronikoak, leku-aldaketa
Paket Flat kolektiboak antolatuta, gau elektronikoa izango da gaur, 22:00etatik aurrera. Biterin izango da emanaldia, eta ez Milagrosan, egitarau ofizialean jartzen duen bezala.
Trakets, gaur gauean
Ez da San Joan bezperako egunik, berbenarik gabe! Aurreneko eguneko indarrak aprobetxatu eta Traketsek dantzan jarriko du herria, gaueko 23:00etatik aurrera. Baina ez da Hernanin egongo den egun bakarra, aurten zita bikoitza izango baitu Traketsek. Bigarrena, Sutu Jaiak ekimenak gonbidatuta, igandean izango da.
Vendetta, igandean
Musika ez da gaur bakarrik izango, bost egunez herriko kaleak doinu desberdinekin zipriztinduko dira. Horien artean, iazko San Joanetan aurreneko aldiz egin zen bezala, kontzertu ikusgarria antolatu dute iganderako. Vendetta talde nafarra izango da aurtengo gonbidatu berezia, eta emanaldia eskainiko dute Plazan, gaueko 23:00etan hasita.
Sutu Jaiak ekimenak, egitarau propioa
Egitarau ofizialean jasotzen diren musika-ekitaldiez gain, Sutu Jaiak ekimenak ere, hainbat ekintza iragarri ditu datozen egunetarako. Denetarik egongo da: DJak, kalejirak, berbenak... Horien artean, talde ezagun bat ere gonbidatu dute: Ze Esatek! taldeak Tilosetan joko du etzi, Koadrilen egunean, gaueko 23:00etatik aurrera.
Betiko txarangak, erromeria eta guzti, gaurtik aurrera
Kontzertu eta emanaldi bereziez aparte, badaude zita batzuk urtero errepikatzen direnak: txarangak, erromeriak, goizean goizeko diana eta txistularien kale-buelta...
Baita txosnetan ere
Herriko txoko guztietan entzun ahal izango da musika, baita txosnetan ere. Molotoff irratiaren eta Bilgune Feministaren txosnek, batez ere, antolatu dituzte emanaldiak: DJ saioak, karaokea...