San Joan suak argituko ditu gaur Euskal Herriko bazterrak, eta baita Hernaniko hainbat txoko ere. Plazan egingo da su haundia, nagusia. Akelarrearen ostean, 21:00etan piztuko du sua arduradunak, eta bertan erreko dituzte herritar askok urteko apunte, beldur, kezka eta bizipen txar guztiak. Askorentzat, San Joan suarekin erretzen dira txar guztiak, eta bidea ematen zaie, etortzeko dauden momentu berriei. Ikusleei gogoratu die Udalak, ezin dela ezer bota sutara, eta errespetatu egin behar dela ikusleentzako jarriko den eremua.
Eguzki eta argiari, kantua
San Joan sua itzaltzen ari denean elkartuko dira Kantaitako kideak San Joan suaren inguruan, eguzkiari eta argiari kantatzeko. Urteroko legez, Kantaitan aterako diren lagunek isiltasuna eskatu dute kantuan ari diren bitartean.