San Joan bezperako hitzordu garrantzitsuenetakoa izaten da Haurren Aurreskua, txiki eta ez hain txikientzat. 50 urte bete ziren joan den urtean, hutsik egin gabe, Haurren Aurreskua egiten zela. Mende erdi horretan, ehundaka izan dira, noizbait, San Joan bezperan, dantzatzera atera direnak. Aurten 50 neska-mutil animatu dira; askok errepikatu egin dute aurreko urteetatik; eta berriak ere badira. Guztiek emozio haundiarekin biziko dute gaurko eguna.
Arratsaldeko 17:00etan jarri dute zita Plazan 25 bikoteek. Andrekaletik barrena jaitsiko dira Zinkoenera eta bertan dantzatuko dituzte zortzikoa, fandangoa eta arin-arina. Handik Plazarako bidea hartuko dute, Kale Nagusian zehar. Plaza bete jende dela, bertan dantzatuko dituzte desafioa eta agurra.