Definizio asko ditu gaurko gauak: urteko gaurik luzeena, magikoena, bereziena, sorginduena... Hernaniarrentzat ere, badu zeresan berezia gaurko iluntzeak: herria sorgindu egiten da Akelarreko sorgin, galtzagorri, ziriko eta beste hainbat izaki mitologikorekin... 300 lagun aterako dira gaur, Akelarrean, eta antolatzaileek azaldu dutenez, berezia izango da: «izan ere, inoiz baino haur gehiagok eman dute izena edizio honetako Akelarrean».
Herritik buelta, plazarako bidean
Paradorretik 18:30etan abiatuko da Akelarrea. Larramendi kaletik gora hasiko du, herritik barrena egingo duen buelta. Tilosetara bidean hainbat dantza egingo dituzte; eta sorginen oihuak ere, entzungo dira. Galtzagorriek berriz, gerturatzen diren herritarrak xaxatuko dituzte... Izpizua kaletik barrena segiko dute bueltarekin, eta Plaza Berritik barrena egingo dute buelta. Azken dantzak, Plazara iritsi aurretik, Andrekalen egingo dituzte.
Antzerkia, Plazan
Akelarrearen momentu magikoena Plazan izaten da: sorginak, apaizak, galtzagorriak, zirikoak, akerra... edabe magikoarekin festarako giroa piztuko da. Iluntzea girotuko dute, azken momentura arte dantzatuz. Urteroko legez, suaren usadioak hartuko dio erreleboa, San Joan suari.