Plenoa, LGTBI kolektiboaren alde

Kronika - Erredakzioa 2016ko eka. 23a, 02:00

San Joanak hasiko dira gaur eguerdian, eta hori baino lehen, azkeneko aldiz bildu zen Udaleko plenoa asteartean, ezohiko bileran. Otsaileko dekretuen berri emateaz gain, zortzi  gai aztertu zituzten. Horien artean, aurreko aktaren onarpena atzeratu egin zuten, eta beste zazpi puntuak onartu egin zituzten, besteak beste: Udalsarea 21 konpromisoa berritzea, Mandela egu­na­ri buruzko mozioa, baita aniztasun eta sexu identitate askearen aldeko adierazpena ere.  

Oposizioak liberatu bat, dedikazio partzialarekin
Aurreko maiatzeko plenoan atze­ratutako puntua aztertu zuen Plenoak, aurrena: Aurre­kontua Gauzatzeko Arauaren al­daketa, hain zuzen. Duela hilabete batzuk Eusko Lege­biltzarrak onartu zuen Tokiko Erakundeen Legera moldatzeko egin beharreko aldaketa da proposatu zena; horren arabera, oposizioko alderdi bozkatuenak liberatu bat izango du. 
Luis Intxauspe alkateak azaldu zuenez, modifikazio bat egin zen Ogasun Batzordean, eta hori onartuko dute gaur. Horren arabera, «Udalean nahiz kanpoan duten dedikazio partzialen baturak ezingo du %100eko lanaldia gainditu» Alkateak azaldu zuenez, «sobresueldoen gaia ebitatzeko» hartu da erabaki hau.
Aldaketari buruz, Andoni Amonarraiz EAJko bozeramaileak esan zuen: «ez dugu ulertzen ezta konpartitzen ere».  Dena den, alde bozkatuko zuela iragarri zuen. Ricardo Crespo PSE-EEko zinegotzia abstenitu egin zen «Udal Legea EAJ eta EH Bilduren gauza besterik ez delako». Azkenik, Orain Hernaniko Jaione Aristregik kontrako botoa emango zuela jakinarazi zuen, «oposizioak baldintza berdinetan egon behar» duelako.
Ondorioz, EH Bilduko udal gobernuaren eta EAJren aldeko botoekin egin zuen aurrera aldaketak.

Hirigintzari buruzko bi gaiak, onartuta
Ondoren, Hirigintza Batzordetik zetozen bi gai bozkatu zituzten Udal Taldeek. Alde batetik, Hernaniko Arau Subsidiarioen berrikuspena. Intxauspek azaldu zuenez, 2011garren urtean onartu zen lau urterako jarduketa programa, eta bertan aurreikusi zen lau urtetan egingo zela berrikuspen. Lan hori egin dute, aztertu dute zein ziren aurreikuspenak, zer bete den eta zer ez, eta zein diren proposatzen diren aldaketak. Hirigintza Batzordetik pasata, herenegun eman zioten hasierako onarpena, Udal Talde guztiek aho batez onartuta.
Aho batez onartu zen, baita ere, hirigintzari buruzko bigarren puntua: Young Playeko partzelaren jabeekin egindako hitzarmenarena. Horren arabera, partzelaren jabeek Udalari eman diote inguru horretan eraikiko denari buruzko erabakia hartzeko aukera. Udalak egokien ikusten duen proiektua egingo du, berak erabakitzen duen momentuan; betiere, Udalak ezin dio uko egin jabeen hasierako helburuari, hau da, hotel bat eraikitzeari.

‘Udalsarea 21’ akordioa, berritua
Udal talde guztien babesa jaso zuen, baita ere, Udalsare 21, Jasangarritasunerako Uda-le­rrien Euskal sarea hitzarmenak. Akordio horren bueltan antolatzen da herriko eta eskoletako Agenda 21eko plangintza osoa. Berritzeaz gain  planaren arduradun politiko bat eta ordezkari bat izendatu zituzten: Luis Intxauspe alkatea eta Mattin Aldaia ingurumen zinegotzia, hurrenez hurren.

Hiru mozio, bukatzeko
Ez-ohiko plenoari bukaera emateko, hiru mozio bozkatu zituzten. Baina hori baino lehenago, EAJ kexatu zen, hitzartuta duten bezala, «Bozeramaile Batzor­dean ez zituztela mozioak aurkeztu; dena den, bozkatu egingo ditugu», jakinarazi zuen.
Uztailak 18a, Mandela eguna: Nazio Batuek Presoen Giza Eskubideak Aldarrikatzeko Nazioarteko Eguna izenburupean, EH Bilduk aurkeztu zuen aurreneko mozioa. EH Bildu berak, Orain Hernanik eta EAJk aldeko botoa eman zioten mozioari; eta PSE-EE abstenitu egin zen, «zentzu orokorrean alde» dagoelako.
Bigarren mozioa Orain Hernanirena izan zen: hezkun­tzako ACEX programeta murrizketei ezetza. EAJk kontra bozkatu zuen, «mozio elektoralista» iruditzen zaiolako. EH Bilduk, aldiz, alde: «hezkuntzari beste eraso bat da», azaldu zuen Esti Aldeiturriaga zinegotziak. PSE-EE taldeak ere, alde egin zuen.
Azkenik, aho batez onartu zuten, EH Bilduk aurkeztutako azkeneko mozioa, Aniztasuna eta sexu identitate askearen aldeko adierazpena. Horrekin lotuta, iluntzean zebrabide bat ostadar kolorez margotzeko ekitaldira gonbitea egin zuen Garazi Etxarri zinegotziak. Eta ondoren, bertan izan ziren Udal talde guztiak, herritarrekin batera. 
Bide batez,  ez-ohiko Plenoa bukatzeko, Gasteizko eta Ange­luko erailketak salatu zi­­tuzten Udal taldeek. 

Dokumentuak, webgunean
Onartutako hiru mozioak eta Aurrekontua Gau­zatzeko Arau­aren aldaketaren testuak Kro­nikaren web orrian daude, ikusgai: www.kronika.eus. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!