Herriko festei hasiera eman aurretik, hainbat eragilek martxan jarri dute protokoloa, eraso sexisten prebentziorako eta eraso horiei erantzuteko.
Hain zuzen, protokoloaren alde egin dute Txosna Batzordeak, Berriak elkarteak eta tabernariek, Mugimendu Feministak eta Udalak. «Jaiak denontzako espazio seguru eta gozagarria izateko lan egitea, denon ardura da, eta bide horretan ezinbestekoa da eraso sexisten prebentzioan zein erantzun eta protokoloetan denok konpromisoa hartzea», azaldu dute.
Aitzakiarik ez
Agerraldian azpimarratu dute «festak herriaren nortasuna, jendarte egitura eta bertan ematen diren zapalkuntza eta diskriminazioen adierazle» direla. «Gaur egun, jai eta tradizioek, jendarte ordena erreproduzitzen dute; egungo hierarkiak, botere harremanak, rol banaketak...».
Era berean, salatu dute festak erabiltzen direla aitzakia bezala, hainbat eraso justifikatzeko: «jaiak erasotzaileen eta diskriminatzaileen aterpe bilakatzen dira, droga ezberdinen kontsumoaren justifikazio eta aitzakiapean, jai eremu eta egunetan era ezberdinetako eraso sexistak sarriago gertatzen direlarik: irainak, mespretxuak, ukituak, bortxaketak...».
«Gaur egun, jai eta tradizioek, jendarte ordena erreproduzitzen dute»
Jaiak ere, borroka esparru
Horren aurrean, «jai herrikoi parekideak» aldarrikatu dituzte, eta adierazi dute lan egin behar dela.
«Jendartean eman nahi ditugun aldaketek ere, gure herriko festetan isla izan behar dute, jaietan ere kultura birsortu eta aldatzeko gaitasuna dugulako. Tradizio eta ohiturek ezin dute hertsiak diren eta geldirik dauden zerbait izan; jendartearen eraldaketarekin batera eta norabide berdinean joan behar dute».
Hori horrela, mezu garbi bat zabaldu nahi izan dute: «Jaiak ere borroka esparru direlako, ez dugu eraso sexistarik onartuko, ez txosna gunean, ez tabernetan, ez kalean, ez inon! Ozen diogu: EZ, EZETZ DA!».