Ahaztu urteko estres, agobio eta tristura guztiak! Iritsi da festarako garaia! Gaur eguerdiko 12:00etan, suziriak pum! egiten duenean, lehertuko da jaia Plazan. Xalaparta elkartea eta CD Hernani dira aurtengo omenduak, eta beraiek izango dute San Joanei hasiera emateko ohorea. Eguerditik aurrera, San Joan Martxak girotuko ditu Kaxkoko kaleak; eta buruhaundi eta erraldoiak ere ibiliko dira gora eta behera.
Hori izango da eguneko ekitaldi nagusia; aurretik ordea, beste bi ekitaldi antolatu dituzte. Goizeko 09:00etan Urumea Ikastolaren marrazki lehiaketa izango da. Eta jaietako aurreneko Azeri Dantza ere, gazteena, aurretik izango da: goizeko 10:00etan.
Urteko egunik luzeena
Gaurko festak ez du etenik izango. Goizaldeko 01:00 arte izango dira ekitaldiak, ia orduro: haurren aurreskua, akelarrea, sua, kantaita, musika, danborrada, txarangak... festetako egun berezienetako bat izaten da gaurkoa.
Elkartasunerako, ere bai
Urte luzez familia giroan ospatu izan bada ere, San Joan Egunak izaera ezberdina hartu du azken aldian. Aurten gainera, ostiralarekin ospatuko dute hernaniarrek. Musika eta dantzarekin lotutako ekitaldiak izango dira nagusi: diana, danborrada, Txistulari eta Musika Bandaren kontzertuak, dantza askatua, bertsolariak, kultura arteko emanaldia, dantzaldiak... Patroiaren egunaz gain, Elkartasun eguna ere bada biharkoa. Manifestazioa deitu dute 19:30etan: Amnistiaren norabidean, presoak eta iheslariak etxera. Ondoren, herri afaria egingo dute Plaza Berrin.
Koadrila eguna, larunbatez
Hernaniko koadrilek ez dute elkartzeko aitzakiarik izango aurten; izan ere, larunbatez ospatuko da hain berezia den eguna. Goizean umeentzako ekintzak antolatu dituzte, batik bat. Eta baita ere, aurreneko sokamuturra eta helduen azeri dantza. Eguerdian Mantzak koadrilak jasoko du omenaldia, eta koadrilen arteko brindisarekin emango zaio hasiera, egun haundiari. Askok Sutu Jaiak!ek antolatutako herri bazkarian bazkalduko dute; eta herriko jatetxe, elkarte eta etxeetan ere izango da festa. Txarangan gora eta behera ibiliko dira kodrilak arratsaldean; eta musika nonahi izango denez, dantzarako aukerarik ere, ez dute faltako. Ze esatek! taldeak jarriko dio ginda, egunari.
‘Vendetta’... igandean
Diana, sokamuturra eta azeri dantzarekin hasiko da, igandea ere bai. Goiz Eguzkiko lagunentzat egun haundia izaten da gainera. Hala da, baita ere, kirola gustatzen zaienentzat: ehiza eta itsas arrantza txapelketak jokatuko dira; eta Berria txapelketako finala ere, igandean izango da. Bestalde, bertsolaritza gogoko dutenek urteroko zita dute ekainaren 26an: Lujanbio, Mendiluze, Arzallus eta Iguaran izango dira aurten Plazan. Eta gauean izango da, edizio honetako beste hitzordu garrantzitsu bat: Vendettaren kontzertua.
Herri kirolak eta konpartsa, bukatzeko
Herri kirolek mugitzen dute jende gehiena, festetako azken egunean. Bolatoki ibiltaria jarriko dute Tilosetan, eta Urrezko Aizkolari Txapeldunen kanporaketa ere izango da. Arratsaldea San Joan Konpartsaren irteerak markatuko du. Eta txikienek ere izango dute zerekin gozatu. Festak hasi bezala bukatuko dira, CD Hernani eta Xalaparta protagonista direla, bandera jaitsieran. Hori bukaeran izango da ordea; Gaurtik bost egun dituzte hernaniarrek, festarako!
Udalaren ohar eta gomendioak
SOKAMUTURRA
Ekainaren 25, 26 eta 27an sokamuturra egingo da goizeko 07:30etatik 09:00etara. Ibilbidea izango da: Plaza, Andre kalea, Zapa kalea eta Kale Nagusia. Udalak eskatu du ibilbidearen atariak barrutik giltzatuta egotea eta bizilagunak kalera ez ateratzea, ekitaldiak irauten duen bitartean. Horrez gain, gogoratu nahi dute 16 urtetik beherakoek ezin dutela sokamuturran parte hartu.
HONDAKIN BILKETA
Jaiak direla eta, ekainaren 27ra arte, Kaxko eta inguruan hondakin bilketako eguna aldatuko da. Hondakinak eguerdiko 12:30etatik 14:00etara atera beharko dira, eta ordu horretatik aurrera saihestu behar da, edukiontziak kalean uztea. Gaur papera jasoko da; bihar eta ostiralean, organikoa; eta etzi, plastikoa. Larunbatean, ez da bilketarik izango.
BATZUEK ONDO PASATZEKO, BESTE BATZUK LANEAN
Udaletik gogoratu dute pertsona askok beraien jaiei uko egin dietela gehiengoak jaiak ahalik eta modurik onenean bizitzeko. Gogoan izan nahi ditugu San Joan jaietan herritarren segurtasuna bermatzeaz arduratzen diren langile guztiak: udaltzainak, suhiltzaileak, Udaleko zerbitzuetako langileak, DYAko kideak etab.