EGILEA: JON ALTUNA IZA, OXAN
1940-41 inguruan hasi ziren herriko atletak CD Hernani taldearekin lehiatzen, Martxelo Ezponda CD Hernaniko lehendakariak kontatu digunez. Ezagunena Juan Bautista Adarraga izan zen, 24 urterekin, 1948ko Londongo Joko Olinpikoetan parte hartu zuen 800 eta 1.500 metroko lasterketan; «horregatik ditu bost uztai olinpikoak elkartearen irudiak».
CD Hernaniko ordezkariak, 400 eta 800 metrotako errekorra lortu zuen eta sei aldiz izan zen Espainiako txapeldun, 800 metrotan hirutan, eta 1.500 metro, 400 metro hesi eta 4 x 400
metrotan. Juan Bautista Adarraga atletaren beste hiru anai ere CD Hernaniko kide eta Espainiako txapeldun izan ziren: Jose Luis, 4x400 metrotan; Bernardino, decatlon proban; eta, Fernando, pertikarekin.
Hasierako urtetan atletismoan jardun eta gero, heldu zien elkarteak beste
kirolei, besteak beste, futbolari, saskibaloiari, ehizari, mendi irteerei, bola jokoari eta pilotari.
Aurreneko futbol txapelketan, 1945ean
1945ean hartu zuen parte CD Hernanik lehen futbol lehiaketetan, 1955ean igo zen lehendabizikoz Hirugarren Mailara eta zalantzarik gabe, zuri-berdeen garairik oparoena, 90. hamarkadan heldu zen: 1991n Bigarren B Mailara igo eta bi denboralditan jokatu zuen. Ordutik, hain juxtu, 50. urteurrenetik, jokatzen du Zubipen. Gaur egun Gipuzkoako Ohorezko Erregionalean ari da. Guztira lau aldiz izan da maila honetan txapeldun, 1953, 1956, 1968 eta 2011n. Orduan igo zen azken aldiz 3. mailara. Baina hurrengo denboraldian jaitsi zen. Egun ere horixe du kirol erronka. Etxeko entrenadoreekin ari dira lanean eta oso pozik daude, «jubeniletik behera, entrenadore oso gazteak ditugu; egindako lanaren ondorio dira kirol emaitza onak...».
Gazteen taldeak denboraldi bikaina egin du Jubenil mailako ligaxka nazionalean, Euskal Herri mailan; gorengo mailara igotzeko aukera izan du baina, partidu erabakiorra ez zuen irabazi. «Hor ekipo handiak daude, aberatsak, eta zaila izango litzateke mailari eustea» dio Ezpondak.
Martxelo Ezpondaren iritziz, harrobi ona dauka CD Hernanik... «Fitxatzekotan, ingurukoak izango lirateke, Erreala edota Antiguoko utzi dutenak... Maila polita du taldeak eta jokalari horiek bere burua eskaintzen dute Hernanin jokatzeko».
Ohorezko erregional mailako taldean, jokalari gehienak Hernanikoak dira, %65 eta, besteak, ingurukoak. «Ez gara oso urrutira joaten bila eta bide horretatik jarraitu nahi dugu. Bizpahiru urtean Hernanin jokatu eta joaten diren jokalariek aitortzen dute, Hernaniko taldean giro zoragarria dagoela. Larunbatean egin genuen urteko bazkarian, Hernani utziko dutenak triste zeuden» azaldu du Ezpondoak.
Zazpi lagun, zuzendaritzan
Zazpi lagun ari dira Ezpondaren zuzendaritzan iazko apiriletik eta beste hainbat laguntzaile dituzte: «Babestuak sentitzen gara. Hala ere gehiago zabaldu nahiko genuke. Ea lortzen dugun». Lehen urtea gogorra izan dela dio, 75 urteurreneko ekitaldiak antolatu behar izan dituzte, eta «zelairik gabe» hasi ziren uholdeengatik. Orain atseden apur bat hartu eta hurrengo denboraldia prestatzeari helduko diote. Txantxetan esaten du, «denbora daukagu 100. urteurrena prestatzeko».