Ipuin Faktoria bildumak bere arrakastatxoa lortu du. Eta hori aprobetxatuz, ipuintxo berria jarriko du martxan Dobera Euskara Elkarteak.
Haur Hezkuntzako haurrentzako bereziki pentsatutako sorpresa ekarriko du Ipuin Faktoriak uda honetan. Eta proiektua borobiltzeko, marrazkilari bila dabil Dobera Euskara Elkartea.
Izenematea, ekainaren 15era arte
Hainbat marrazkilarirekin lan egin izan du Doberak orain arte, eta aukera hori zabaltzeko asmoz, marrazkilari lan-poltsa eratu nahi du. Bertan egoteko interesa duenak, ekainaren 15era arte dauka izena emateko aukera. Baldintza bakarra jarri du elkarteak: 16 urtetik gora izatea. Hau da, hautagaiak ez du marrazkilari profesionala izan behar.
Ekainaren 17rako erabakiko da nork hartuko duen parte proiektu berrian.
Apuntatzeko, hiru bide erabiliko ditu Doberak: emaila, dobera@dobera.eus-en bidez; telefonoa, 943 33 27 99-era dei eginez; edo Dobera-Kronikako egoitzara gerturatuz (Larramendi kalea 11, Hernani).
Behin izena emanda, proba txiki bat egin beharko dute marrazkilariek; bertan frogatuko da arkatzarekin duten abilezia. Izena emateko garaian jakinaraziko da proba egiteko eguna eta ordua.
Izena emateko epea itxi eta bi egunetara aurkeztuko du Doberak lan-poltsa osatuko dutenen zerrenda. Eta egun berean jakinaraziko dute nor izango den proiektu berriaren marrazkilaria.
Hirugarren ipuina, udazkenerako
Bestalde, Doberak jada prest dauka Ipuin Faktoriako hirugarren ipuina. Oraingo honetan, Armeniako istorio bat kontatuko du Doberak, bi hizkuntzatan: euskeraz eta armenieraz.
Doberak argitaratuko du liburua, baina edonor izan daiteke laguntzaile. 30 euroko laguntza ematea proposatzen du elkarteak, eta horren truke, ipuinean laguntzaileak nahi duen izena eta leloa jarri ahal izango du, baita ale bat eskuratu ere. Lagundu nahi duenak Dobera Euskara Elkartera jo beharko du.