Datorren igandean hauteskunde eguna izango da, alderdiak azkeneko hauteskunde ekitaldiak egiten ari dira. Eta hala egin zuen herenegun Elkarrekin Ahal Dugu koalizioak Hernanin. Herritarrekin solastera etorri ziren Nagua Alba, Podemos-Ahal Dugu Gipuzkoako Idazkari Nagusia eta Kongresurako hautagaia, eta Mónica Mora Gipuzkoako Batzar Nagusietako batzarkidea, eta bertan egon zen, baita ere, Jaione Aristregi Orain Hernani taldeko zinegotzia.
Mitinak egiteko, beste modu bat
Hernaniko Podemos-Ahal Duguren Zirkuluak antolatutako ekitaldia solasaldi moduan egin zuten. Nagua Albak hasieran azaldu zuen horren zergatia: «mitinak egiteko beste modu bat probatzen ari gara, gertuagokoa; jende gutxiago joaten da, baina parte-hartzaileagoa da, eta jendeak eskertzen du».
Ildo horretatik, Albak komentatu zuen, Podemosek ordezkariak dituenetik kalera atera izan dea, izan ere, garrantzitsua iruditzen zaie egiten ari direna azaltzea: «pedagogia beharrezkoa da, herriari azaltzea zergatik egiten diren gauzak».