Haunditze-obrak direla eta, urtebetez itxiko dute kiroldegiko igerilekua, bihartik aurrera. Lanak iraun bitartean, igeriketa taldeak Donostian egingo ditu bere entrenamenduak; horregatik, jardunaldi berezia prestatu nahi izan dute gaurko, igerilekua erabili ahal izango duten azken egunerako. Jardunaldia gaur izango da, eta ez bihar, atzoko Kronikak zioen bezala.
Sarrera doan, egun osoan zehar
Bi ekintza antolatu dituzte agurra egiteko. Alde batetik, egun osoan zehar igerilekurako sarrera doan izango da, eta bakoitzak nahi duen laguntza ekonomikoa eman ahal izango du. Ondoren, biltzen den diru guztia Angel Olaranek Wukron duen proiektura eta Hernaniko Igeriketa taldera bideratuko dira.
Bestalde, zita berezia jarri dute iluntzeko 20:30etarako: Hernaniko eta Elorrabiko igerilari, igerilari ohi, irakasle eta beste kideek azken luzeak egingo dituzte, hainbeste urteetan taldeen elkargune izan den lekuan.
Kiroldegia itxita, bihartik
Igerilekua ixteaz gain, kiroldegiko arduradunek jakinarazi dute bihartik datorren astelehenera arte, hilaren 27ra arte, kiroldegia ere itxita egongo dela, urteko garbiketa egiteko.