Urumea Ikastolako patioa estaltzeko obrak datorren astean hasiko dira

Kronika - Erredakzioa 2016ko eka. 22a, 02:00

Datorren astean hasiko dira Urumea Ikastolako patioa es­tal­tzeko obrak, Udalak pren­tsa-ohar bitartez jakinarazi duenez. 
Hasierako lur mugimen­du­ekin eta zimendatze-lanekin hasiko dute obra, eta pro­iektu osoa irailaren 10erako bu­katuta egongo da, 2016-2017 ikasturtea hasten denerako, alegia. Obra osoaren aurrekontua 278.850 eurokoa da (BEZa barne).

Bi helburu nagusi
Datorren astean hasiko den obrak bi helburu nagusi ditu, Udalak azaldu duenez: «batetik, euria egiten duenean jo­las­­tokia erabiltzeko modukoa izatea, eta bestetik, eraikin na­gusia eta Haur Hez­kun­tzako eraikina lotzeko, iris­garri­ta­sun irizpideak betetzen dituen  pasabide estali bat egitea». 
Izan ere, Udalak oharrean dioenez, gaur egungo egoeraren ondorioz, bai jolasteko garaian, baita jangelara joateko garaian ere, estalpe gabezia arazo haundia izaten ari da, HHko irakasle eta ikasleek jangelara joateko bidean ez baitute inolako estalperik. Horrez gain, «eskola kirolean ere gabezia hori somatzen dute, eta ekitaldi ugari bertan behera utzi behar izaten dituzte horregatik».

Obra osoaren aurrekontua 278.850 eurokoa da.

Gabeziari irtenbidea ematea
Arazo horiek kontutan hartuta, eta «estalpe gabeziari irtenbidea eman nahian» onartu zuen Udalak proiektua 2015ean. Horretarako, Udalak  azaldu du, alde batetik, HH eta LH eraikinak lotzen dituen pasabidearen egungo arrapala zabaldu eta malda gutxituko dituela; eta bestetik, pasabidearen eskaileraren sare­t­xoa ere berrituko duela erabiltzaileen segurtasuna hobetzeko. 
Horrez gain, Udalak azpimarratu nahi izan du obraren proiektua diseinatzerakoan, hainbat irizpide hartu dituela kontuan: «estalki berriaren formari esker, goizeko eguzkia jolas eremu osora sartuko da. Era berean, errepideko zarata eta ipar-mendebaldeko euria gehien babesten duen ‘L’ formako geometria aukeratu da».
Obra bukatuta, «mendebaldeko 640m2-ko azalera geldituko da estalpean, eta ekialdeko 650 m2 estali gabe».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!