Elkartu eta agerraldia egin zuten, azken bi legealdietan EH Bilduko hautetsi izan direnek, Hernaniko Udalean. Eta azaldu zituzten, ekainaren 26an EH Bilduren aldeko botoa emateko zergatiak: «Maroto, Barcina eta Maya bota ditugun bezala, Rajoyrekin ere ez dugu zalantzarik izango. Agur!», aldarrikatu dute.
Lau arrazoi nagusi nabarmendu dituzte. Aurrenekoa, erreskate nazionala: «nazioen etorkizuna erabakitzeko galdeketa lotesleak bultzatuko ditugu».
Lege atzerakoiak indargabetzeko lan egitea izango da bigarrena: «Lan eta Pentsio erreformak, LOMCE, Abortuaren Legea, koordinaketa farmazeutikoa, Eguzkiaren zerga eta Mozal Legea».
1.200 euroko soldata eta 1.080ko pentsio minimoak
Hirugarrenik, erreskate sozialera bideratuko ditu indarrak: «1.200 euroko gutxieneko hileko soldata, 1.080 euroko pentsio minimoak, etxegabetzeekin bukatu, 35 orduko lanaldia eta 60 urterekin jubilatzeko aukerak zabaltzea».
Eta laugarren oinarria, bakea eta bizikidetza izango da: «biktima guztientzako aitortze eta erreparazioa, eta presoen dispertsioarekin bukatu eta beraien eskubideak bermatzea».
«Horregatik guztiagatik, bozkatu Euskal Herria, bozkatu eskubide sozialak, bozkatu EH Bildu», adierazi dute.