San joan jaiak hastear direnean, gai batzuk zaintzeko deia egin die Udalak, hernaniarrei: «badira gaiak, edozein ekitaldi, jai edo plangintzatan kontutan hartzekoak, gure egunerokoan modu natural eta kontzientean txertatu beharrekoak». Eta hiru nabarmendu ditu, jaietarako: «gizon-emakumeen arteko parekidetasuna, hondakinen kudeaketa arduratsua, eta euskeraren erabilera. Udalak eta herriko eragileok, presente izan ditugu uneoro, jaien prestaketan».
Hainbat berrikuntza, aurten
Eta azaldu du, lanketa horren ondorioz, hainbat berrikuntza egin dituela aurten. Aurrenekoa, Eraso Sexisten aurkako Protokoloa garatzea, eta Txosnen Batzordearekin egindako hitzarmenean txertatzea, bete eta betearazteko konpromisoarekin. Bigarrena, hondakinen kudeaketari dagokio: «hondakin gutxiago sortzeko bidea egingo dugu, ontzi eta edalontzi berrerabilgarriak erabiltzea sustatuz, eta egunerokoan baino baliabide gehiago jarriko ditugu sortutakoa ondo sailkatuta biltzeko». Jaietako egitaraua, bestalde, paper birziklatuan argitaratu dute.
Eta euskeraren arloan ere eman dituzte urratsak: «Hernanin %60a euskalduna eta %80a ia euskalduna dela kontutan hartuta, euskeraren presentzia areagotzeko ere egin dugu beste urrats bat, eta egitarauan lehentasuna eman diogu euskerari. Era ulerterrazean, azalpen zabalxeago bat eman dugu euskeraz, eta ulertzeko zailtasunak dituenarentzat, poltsikorako laburpena erantsi dugu elebitan. Gehiago dakienak gutxiago dakienari erakutsiz, elkarri lagunduz, komunitate anitza eta euskeraduna osatu nahi dugu hernaniar guztion artean».
Horregatik, herritar guztiak gonbidatu dituzte festetan parte hartu eta gozatzera: «denon artean egin dezagun herri hau euskaldunago, parekideago eta iraunkorrago».
Barrakak, lekuz aldatuta
Beste berrikuntza bat izango da barraken kokalekua. Karabeleko urbanizazio lanak tarteko, eta segurtasuna bermatzeko, ferianteekin adostu du Udalak «Urumea ikastolako aparkalekua dela egokiena, hilabetetako harremanen ondoren eta hainbat kokapen aztertuta». Horrekin batera, tokiz aldatuko da, bertan egin ohi den Gau Elektronikoa: Biterin izango da, 04:00ak arte.
Modu berean, azaldu du barrakak 23tik 27ra bakarrik egongo direla, bizilagunei eragozpenak ekarriko dizkielako.
Txosnagunean, berriz, hondakinen bilketarako ontziak Elkano kalean jarriko ditu, Tilosetako hormaren parean, eta bidegorria ezingo da erabili festetan.
Kaxkoko zamalanen ordutegian ere izango dira aldaketak, eta www.hernani.eus web orrian daude ikusgai.
Eta Udaleko arreta zerbitzua, 08:00etatik 14:00etara egongo da, ekainaren 23an.