Hernaniko konkistatzailea da, Hernaniko Gazte Olinpiadei bukaera emango dion proba. Gaur egingo dute, igerileku irekietan, goiz eta arratsalde, eta festa giroan pasako dute azkeneko eguna ere.
Ave Maria parkean hasiko dute proba, ginkana modukoa, 12:00etan. Eta kanpai hotsa entzutean, igerileku irekietara abiatuko dira korrika, tartean oztopoak izango dituztelarik.
Behin igerilekuetan, slackline eta zizarearen jokua izango dituzte, eta segidan, giltzak bilatu beharko dituzte, giltzapetuta egongo den laguna askatzeko. Berak hartu beharko ditu, igerilekuko fondotik, uretatik kanpo egongo den puzzlea osatzeko piezak.
Lehen faseko irabazleak, final haundira
Aurreneko fase horretako irabazleak, final haundira sailkatuko dira, baina ez dute jakingo zer egin beharko duten, azkeneko momentura arte.
Talde bakoitzeko, zazpi lagun ariko dira. Batek bainujantzia beharko du, eta gainontzekoek, zizarearen jokuan zikintzeko beldurrik ez!
Arratsaldean, berriz, txapelketa berezi bat egingo dute, igerileku irekietan bertan: tripa jauzi txapelketa.