Hernani Sutan taldeak, beste behin, boxeo gau haundia prestatu du gaurko, San Joanen bueltan. Gaueko 22:00etan hasita, zortzi konbate ikusteko aukera izango da kiroldegian, eta sarrerak salgai daude, aurretik, Tripontzin eta Atxurren. Kiroldegian ere erosi ahal izango dira, emanaldiaren hasieran.
Nesketan, Espainiako Txapeldunak; mutiletan, Gipuzkoako txapela lehian
Guztira zortzi konbate izango badira ere, badira bi, bereziak. Batetik, nesketan, elkarren kontra ariko dira 2015eko Espainiako txapelduna, Ixa Rodriguez gipuzkoarra, eta Espainiako 2013ko txapelduna, Bioleta Gonzalez bizkaitarra.
Bestetik, mutiletan, Gipuzkoako Txapelketa izango dute jokoan Fernando Suarezek, eta Sebas ‘Latigok’, Espainiako 2013 eta 2014ko txapeldunak.
Boxeoan ere, berdintasunaren alde
Asteazkenean egin zuten prentsaurrekoa udaletxean, gaurko gaua aurkezteko. Bertan, Ixa Rodriguez boxeatzaileak nabarmendu zuen «parekidetasuna, kirol munduan, kolokan» dagoela, eta horregatik gonbidatu nahi zituztela hernaniar guztiak gaurko ekitaldira, «gure hondar ale txikia jarriko baitugu».
Hernaniko kirol eta jarduera fisikoko zinegotziak, Esti Aldeiturriagak ere, antolatzaileei eskerrak emateko aprobetxatu zuen. «Historikoki gizonenak izan diren kiroletan, emakumeok parte hartu dezakegula erakutsi eta pausoz pauso bidea egin dezakegula erakusten dugu honekin».