Azeria harrapatu nahian, arratsaldeko 17:30etan abiatuko dira herriko korrikalari gaztetxoenak, urteko lasterketa herrikoienean.
Urbieta kalean hasiko da proba. Aurrena, haur hezkuntzakoen txanda izango da; 17:40etan, lehen hezkuntzako 1 eta 2garren mailetakoena; 17:50etan, lehen hezkuntzako 3 eta 4garren mailetakoena; 18:00etan, lehen hezkuntzako 5 eta 6garren mailetakoena, eta 18:10etan, DBHko 1 eta 2 mailetakoena. Hortik gorakoek, helduen txandan hartuko dute parte.
Izena emateko aukera, helmugan bertan
Helduen Azeri Bila lasterketa, berriz, arratsaldeko 18:30etan hasiko da. DBHko 3 eta 4garren mailakoek ere helduekin hartuko dute parte, nahiz eta hauek buelta bakarra emango dioten 4.500 metroko ibilbideari; helduek, bi.
Internet bidezko izenemate epea ixtean, 200 bat korrikalari zeuden izena emanda, eta gaur ere izango da oraindik aukera, parte hartzeko, lasterketa abiatu baino lehen.
Iaz, 319 korrikalarik bukatu zuten lasterketa, eta azeria bezain bizkor ibili zirenak izan ziren, mutiletan, Sergio Roman hernaniarra, eta nesketan, Claudia Behobide hondarribiarra.
Merienda, dominak, sariak eta zozketak
Lasterketa bukatuta, egindako balentria egin izanak ematen duen pozaz gain, bestelako sariak ere irabazteko aukera izango dute ia parte hartzaile guztiek.
Haur eta gaztetxoen kategorian parte hartzen duten guztiek domina eta merienda izango dute.
Helduen mailan, berriz, lau kategoria izango dira: emakume eta gizonezko absolutua, eta emakume eta gizonezko beteranoak. Bakoitzean, aurreneko hiru sailkatuei emango zaie saria. Horrez gain, denentzako kamisetak izango dira, eta zozketan parte hartzeko aukera: Hernani Bidaiaken eskutik, bi lagunentzako asteburu pasa; edota otordua, Fagollagan, Errioguardan, Zumitzan, Zumardin, Arrobin eta Gunean.