Hernaniko alderdi sozialistak Kronikara bidalitako prentsa oharrean azaldu du pozik dagoela Kiroldegiko langileen egoerari soluzio bat eman zaiolako: «langileen egoera arriskuan zegoen. Igerilekua urtebetean itxita egongo denez, Bildu tematu egin zen kontratu berririk egin ez zitekeela esaten. Ziotenez, ez zegoen ezer kontratatzerik, zerbitzurik egongo ez zelako. Gure ustez, kiroldegiko ekintzekin egingo den gauza bera egin zitekeen: nahiz eta urtebetean ez den igerilekuko ikastarorik egongo, lehorreko ikastaroak emango dira. Kasu honetan egin zitekeena da, kontratuko bigarren urtean, uretako ikastaroak ematera pasako liratekeela jarri». Azkenean soluzioa bilatu dela azaldu du alderdi sozialistak: «‘Kiroldegiko udal igerileku eta igerileku irekietako sorospen eta salbamendu zerbitzua’ izenaren ordez, ‘Kiroldegiko instalazio eta igerileku irekietako sorospen eta salbamendu zerbitzua’ izena izango du. Azken finean, lan bera egingo dute, izen ezberdinarekin. Honi esker, langileek ez dute lana galduko».
Alderdi sozialistaren ustez soluzio hau hasieratik eman zitekeen: «soluzio konplexu hau hasieratik hartu zitekeen gai garrantzitsuak taldean landuko balira, eta ez Bilduk egiten duen moduan, bakarrik». Bestalde, alderdi sozialistak uste du adjudikazioa bukatu bezain azkar hasi izan balira kontratazioekin, ez luketela egin duten «txapuza legala» egin beharrik izango: «hasteko, oraingo kontratua luzatuko zaie igerilekua itxi arte. San Joanetan izango da, nahiz eta lanak ez diren orduan hasiko. Igerileku irekietako sorosle kontratuak ere irailaren 11ra arte luzatuko dira. Eta azkenik, irailaren 12tik aurrera kontratazio publikoan aterako da ‘Kiroldegiko eta igerileku irekietako sorospen eta salbamendu zerbitzua’. Bi urteko iraupena izango du, eta beste bi urtera luzatzeko aukera emango da». Sozialisten ustez, «garbiagoa izango litzateke konkurtso publikoa adjudikazioa bukatzen den momentuan egitea; eta ez aritzea lau kontratu ezberdin egiten».
«Inoiz ez dugu egia jakingo»
Azkenik, sozialistek azpimarratu nahi dute, garrantzitsuena dela arriskuan zeuden lanpostuak salbatu direla: «batez ere salbatu dira langileen lanari eta esfortzuari esker. Hala ere, Bilduk, ekainaren 10eko Kirol Batzordean azaldu zuenez, denbora asko zeramakiten lanean soluzio bat bilatzeko asmoz. Zalantza asko ditugu, 15 egun lehenago zer egiterik ez zegoela esaten baitzuten. Inoiz ez dugu egia jakingo. Bakoitzak bere konklusioak atera ditzala».