Aurtengo San Joanetan ere, ‘gosari goxuak, ordu ttikitan’

Kronika - Erredakzioa 2016ko eka. 18a, 02:00

Parranda eta festaren ondoren sabela betetzeko aukera paregabea eskaintzen dute Doberak eta Kronikak urtero San Joanetako txosnan. Auke­rarik ez da faltako: jaki gaziak, postre gozoak baita gustu guztietako edariak ere. Goizeko 04:00etatik aurrera izango da aukera hori, azkeneko parrandazalea etxeratu arte.

Haragi egosia, aurtengo nobedadea
Ekainaren 24tik 27ra bitarte, etxeratu baino lehen gosari goxo-goxoek beteko dituzte hernaniarren tripak. Denetarik izango da: betiko patata tortila ez da faltako, ezta txorizo pin­txoa edota bizkotxo gozoak ere. Ohiturazaleentzat, salda ere egongo da. Eta aurten, nobedade haundiarekin dator txosna: haragi egosi pintxoa, etxekoa bezalakoa.
Horrez gain, edariak ere izango dira bertan: izan edari frexkoak, baina baita txokolate  edota kafe beroak ere. 

Dobera-Kronikak bihotzez eskertuko du bazkide zein herritarren laguntza.

Bazkide eta herritarren laguntza, ongietorria
Egun horietan zehar, Dobera-Kronikak bihotzez eskertuko du bazkide zein herritarren laguntza. Horretarako bi bide daude: txosnako txandaren bat egitea, edo gosaritarako zerbait ekartzea (bizkotxo, madalena, opila... edo dena delakoa).
Horretarako, interesduna Dobera-Kronikarekin jarri beharko da harremanetan: 943 33 27 99 telefonoaren bitartez, edo dobera@dobera.eus helbidera idatziz.
Bestalde, jakin Dobera-Kro­ni­kako txosnan erostean ere, Kro­ni­kari laguntzen zaiola.

Herritarrei deia, bertan gosaltzeko
Doberak eta Kronikak txosna jartzen duten laugarren urtea da, eta esan beharra dago herritarren laguntza eskertzekoa izan dela urte hauetan. 
Aurten ere ildo beretik jarraitzea espero dute, eta horretarako, ezinbestekoa da herritarren babesa. Beraiei, baita ingurukoei ere, txosnara gerturatzeko deia luzatu nahi diete.

Herriko dendei ere, eskerrak
Bestalde, herriko komertzioei ere eskerrak eman nahi dizkie Dobera-Kronikak, txosna hornitzeko beharrezko janaria eskuratzen laguntzeagatik. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!