«Goizuetak ez dauka zorrik, herri gutxi dira zorrik gabekoak, eta harrotasunez esaten dut»

Kronika - Erredakzioa 2016ko eka. 18a, 02:00

Urte erdia pasata onartu ditu Goizuetako Udalak aurtengo aurrekontuak: «ez da ohikoena ekainean aurrekontu bat aurkeztea, baina gure konplikazioak izan ditugu», argitu nahi izan du Unai Loiarte alkateak. 
Besteak beste, bi aipatu ditu arrazoi nagusi bezala: «alde batetik, Nafarroako Gobernuak aurrekontuak kodifikatzeko modua aldatu duelako; eta bestetik, gure sarrerak murriztu egin dira, eta gastuak haunditu, eta ez genuen modurik aurkitzen biak kuadratzeko».
Zailtasunak konponduta, 1.027.966,50 euroko aurrekon­tu­a onartu du EH Bilduko zinegotziez osatutako Udalak.

Sarrerek, behera
Aurtengo aurrekontuak onar­tze­rako garaian arazoetako bat izan da diru sarrerena: «errekaudazioa jaitsi egin da 250.000 euro inguru». Unai Loiarteren hitzetan, horren arrazoietako bat da: «mendian orain arte egiten ziren 300.000 euroko kontratuak, Udalak propio zituen landaketa eta ustiapenari zegozkienak. Azke­neko urte honetan aurreikusten da askoz ere baxuagoa izango dela, 60.000 eurokoa, eta horrek dakarrena da sarrerak murriztea». 
Hori ikusita, galera horiek konpentsatzeko, Udalak egin duena da partikularrek egiten duten ustiapenaren zerga igo. Horrela, nolabait, sarrerak «konpentsatu» egiten direla dio Loiartek: «zenbakiak aipa­tzeagatik [partikularren ustiapenean] 29.000 eurora igo da aurreko urtean 2.000 euro eskasa zena».
Baina sarreren arazo hau luzerako izanen dela aurreikusten du Unai Loiarte alkateak, izan ere, mendi eta basoen ustiapenetik urtetan lortu duten finantziazioa bukatzear da. Izan ere, Goizueta beti bizi izan da mendien ustiapenetik eta horretarako, «Goizuetako udalak bazuen halako plan bat urtez urte mendi bat birlandatu eta beste bat ateratzeko». Baina duela hamar bat urte «Fusarium gaitza sartu zi­tzaien pinuei, eta horrek ekarri zuen pinu hori kaltetzea eta kalitatea galtzea, eta debeka­tzea zonan pinu horren landaketa. Horrek ekarri zuen Udalarentzat ezegonkortasuna». Ondorioz, Alkateak iragarri du: «seguraski aurten izanen da azkeneko urtea Udalak mendietatik pinua aterako duena; eta orain gertatzen dena da hamarkada bat-edo egongo garela mendietatik diru-sarrerak jaso gabe». Arazo honen aurrean, alternatiba izanen da «legealdi honetan, aurreko urteetan egin den bezala, bilatu beharrekoa».

Ekainaren 30era arte aurkeztu daiteke Gaztetxeko teilatua konpontzeko proposamenak.

1.700.000 euroko soberakina
Sarreran jaitsiera bai, baina zenbait urtez aurreztutako dirua ere badu Udalak, eta zorrik ere ez du: «Goizuetak ez dauka zorrik, herri gutxi dira zorrik gabekoak, eta harrotasunez esaten dut. Gainera, badaukagu aurreko urteetatik aurreztutako diru bat, 1.700.000 euro». Diru hori aurrekontuetan txertatu nahi izan dute, «aurrekontuak au­rre­ra ateratzeko». Formula bila­tzea zaila izan zaien arren, «azken hilabete honetan lortu dugu», dio Loiartek berak. 

Bi inbertsio potolo
Formula horren gakoetako bat izan da inbertsio bat aurrekontuetatik kanpo uztea: «inber­tsio bat ez dugu aurrekontuan jaso, eta aurrekontuak onartu ondoren, eginen dugu aurrekontu-aldaketa bat inbertsio hau aurreztutako diru horrekin finantziatu ahal izateko. Basoko birlandaketarako izango da. Denera 300.000 euro inguru izanen dira».
Dena den, hori ez da izango Goizuetako udalak aurreikusten duen inbertsio haundi bakarra, plazako lurra aldatzeko lanen obra da bestea: «kontratua maiatzaren 23an sinatu genuen, eta obra hurrengo astean, edo behintzat lehenbailehen, hasiko da». 318.450 euroko gastua izanen du, baina horietatik 55.450 euro besterik ez ditu jarriko Udalak: «lan hau aurkeztu zen Nafa­rroako Gobernuaren laguntza deialdi batera aurkeztu zen 2009-2013 urte artean, Inbertsio Loka­len Plana delakoa. Orduko plana orain arte luzatu da, eta orain exekutatuko da».

Basoko birlandaketarako aurrekontuaren aldaketa eginen da.

Gimnasioa konponketa eta gaztetxeko teilatua, herritarren eskaerak
Bestalde, badaude beste inber­tsio txikiak, herritarren be­ra­ien eskakizunei erantzuten dio­­tenak. Horietako batzuk ur­te bukaeran egin zen herri ba­tzarrean proposatutakoak. Bes­teak beste, gimnasioa konponketa, bidegorrian hesi bat jar­tzea... 
Gaztetxearen teilatua berri­tzea ere Gazte Asan­bla­daren as­paldiko es­kaera da. 67.000 euro aurreikusten dira horretarako, eta proposamenak aurkezteko epea irekita dago ekainaren 30era arte. Unai Loiarte alkateak jakinarazi duenez, irailean hasiko da obra, festen ondoren.

Mapa lokala, beharrezkoa
Datozen urteetako sarreren ara­zoan oso garrantzitsua izango den gai bat dagoela dio Loiarte alkateak: «Goizuetaren biziraupenerako edo behintzat ondo eramateko, garrantzitsua da Nafa­rro­a mailan ematen ari den eztabaida bat, administrazio lokalaren ingurukoa». Eztabaida hori hiru ardatz nagusitan ematen ari dela dio Loiartek: administrazioa lu­rral­deen arabera nola antolatuko den; eskumen banaketa udalerri, mankomunitate eta Nafarroako gobernuaren artean; eta horien finantziazio-sistema zein izango den. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!