Aurreko larunbatean egin zuten agerraldia Nafarroako Gure Esku Dagoko kideek Iruñean, eta bertan eman zuten beraien etorkizuneko planen berri. Horien artean dago 2017an Arano, Goizueta, Areso eta Leitzan eginen duten herri galdeketa; bertan izanen dute beraiek «etorkizuna erabakitzeko aukera».
«Nafarrok pausua eman nahi dugula iragartzera gatoz»
Prentsaurrekoan azaldu zutenez, «nafarrok pausua eman nahi dugula iragartzera gatoz». Horrela iragarri zuten, aurreneko pausua Bakaikun izanen dela udazken honetan, eta ondoren, aurkeztu zuten goizuetar eta aranoarrentzat garrantzitsua izanen den zita. Eta hala jakinarazi du Arano eta Goizuetako taldeak: «2017an (udaberria eta ekainean, data zehaztu gabe) gure etorkizunaz erabakitzeko aukera izanen dugu Nafarroako beste zenbait herri zenbaitekin batera, gure lau herri hauetan: Arano, Goizueta, Areso eta Leitzan».
«Zailena bidea da»
Taldeak onartu zuenez, «helmuga baino, zailena bidea da, eta tentuz eta mimoz garatu nahi dugu». Horretarako, «Gure Esku Dagok osatu duen protokoloa» hartuko dute ardatz: «bide hau modu adostuan eta inklusiboan egiteko osagaiak dituen protokoloa delako, eta legezko berme guztiekin nazioarteko estandarren araberako galdeketak egiteko oinarria ezartzen duelako».
Ildo horretatik, diote: «prozesu adostua eraiki behar dugu, tokian tokiko aktore denek beraien burua bertan eroso ikusi dezaketen moduan, herritar orok nahi duen erantzunari bide eman diezaioken galdera proposatuz».
«Denon artean behar dugu eraiki erabakiaren bidea»
Urrats berri honen helburua da, Gure Esku Dagoren hitzetan, «herritar denek euren etorkizunaz erabaki ahal izatea».
Galdeketa horietan nafar guztiek erabaki behar dutela diote: «Anitza da gure herria. [...] Kultura aniztasuna, identitate ezberdintasuna, gure izaeraren adierazgarri garbia da. Baina Nafarroa, Navarra eta Nabarra, denak dira lur bera, eta bertan bizi garen herritar denok gara nafarrak. Denon artean behar dugu eraiki erabakiaren bidea, denok behar dugu erabaki; denon etorkizuna baita erabakiaren aroak ebatzi behar duena». Horregatik, argi diote: «hautetsontziak erabiltzeko unea da».