Astigartarrek Ni, Urumea dokumentala ikusteko aukera izango dute asteartean; iluntzeko 19:00etan jarriko dute, Kultur Etxean, debalde.
Istorioak, bizipenak, kontakizunak, eta gehiago
Ni, Urumea dokumental etnografikoa da, Cristina Enea Fundazioak egindakoa, Labrit Multimedia ekoiztetxearekin batera. Dokumentalak bilatzen ditu ibaiaren bidean jasotako testigantzak eta bizipenak. Ibaiari protagonismoa ematea da dokumentalaren helburu nagusietako bat. Natura eta hirigintzaren ikuspuntuak hartzen ditu kontuan; baina baita ere gizakiaren harremanak: arrantzaleak, basozainak, kirolariak eta ibai bazterreko hainbat lekukoren istorio, kondaira eta anekdotak ere. Dokumentalak kontatzen du bakoitzak Urumea bizitzeko duen ikuspuntua. Egileek azaldu dutenez, ibaiaren fauna eta flora ere, pertsonai bihurtzen dira dokumental honetan. Azkenik, argazki estetika eta bioaniztasuna ere uztartzen ditu dokumentalak.