«Lehenengo urtea alferrik galdu du EAJk; EH Bilduren aurreko legealdiko lanei esker bizi da»

Kronika - Erredakzioa 2016ko eka. 18a, 02:00

Urtebete pasa da EAJk As­tigarragako Udaleko aginte makila hartu zuenetik, eta EH Bilduk urte horren balorazioa egin zuen atzo, prentsaurrean: «legealdiko aurreneko urtea alferrik galdutako urtea izan da. Gaitasunik eta gogorik ga­beko Udal Gobernuak Astiga­rragaren erritmoa guztiz geldiarazi du. Proiektu berririk ga­be, aurreko legealdiko lanei esker bizi dira. Inprobisazioa eta gaizki eginak dira nagusi».

«Utzikeria, axolagabekeria...»
Andoni Gartziak, EH Bilduko bozeramaileak hasieran izan ziren aldaketak ekarri zituen gogora: «2015eko ekainaren 13an gobernu aldaketa izan zen Astigarragan: 2garren indarra izan zen EAJk hartu zuen aginte makila, PSE-EEren ezinbesteko babesari esker. Ordutik utzikeria, axolagabekeria eta arduragabekeria bilakatu dira Udal Gober­nua­ren oinarri nagusiak. Lege­aldiko lehen erabakietakoa izan zen aurreneko aurrekaria: Al­katearen dedikazioa %47ra mu­gatu zen eta soldata proportzionalki igo zuen %59,6».

«Kudeaketa, hala nolakoa»
EH Bilduk azpimarratu nahi izan zuen kiroldegia haundi­tzearen proiektua, eskolaren haunditzea, Tranbia Ibil­bi­dearen hiritartzea eta biribilgune berria, Zarkumendegira bidegorria, Kultur Etxe berria epeetan egiteko konpromisoa... guzti horiek aurreko legealdian EH Bilduren ekimenarengatik lortutakoa dira. Orain EAJk hala nola kudeatzen ditu: bidegorriaren lanak esaterako, geldirik daude».

«EAJk ez du hitza beteko eta hondakin sistemaren bilketa irailera atzeratuko da»
EH Bilduren esanetan, Udal go­bernuaren lan bakarra izan da hondakin bilketa sistemaren in­guruko galdeketa: «EH Bil­duren ekimenari esker herritar guztien artean diseinatzea lortu zen, eta herritarrei esker lortu zen EAJk nahi zuen 5ga­rren edukiontzi boluntario sistema eraginkor bezala bazter­tzea». Sis­tema berria martxan jartzeko epeen inguruan ere hitz egin zuen Gartziak: «azken Plenoan ohartarazi genien be­zala, inprobisatzen ibiltzeagatik, ez dute hitza beteko, eta uztailean izan beharrean, irailera atzeratuko da sistema be­rriaren ezarpena».

«Hainbat ekimenek porrot egin dute»
EH Bilduk azaldu zuenez, EAJk aurrera eraman dituen hainbat ekimenek «porrot» egin dute: «Azoka inposatu zuten, nahiz eta herriko komertzio txiki gehienak aurka egon. Bertan behera geratu da orain, ia komertzio guztiak aurka daudela ohartu direnean. EH Bilduren ekimenez herriko komertzioa indartzeko plan bat idatzi eta aholkularitza kontratatu zen, baina ez da neurri bat bera ere martxan jarri. Herriko komertzioarentzat ere, galdutako urtea izan da».
A3 linearen inguruan ere aritu zen Gartzia: «A3 autobus linea kendu digute eta Udal Gobernuaren jarrera lotsagarria izan da. Herritarron interesen defendatzaile izan beharrean, Aldundiaren bozeramaile bilakatu dira. Garraio publikoak atzera egin du urte honetan».
DBHren kasuan pausu bat bera ere eman ez dela azaldu zuen Gartziak: «estrategikoa dela aitortu badute ere, orain urtebete utzi genuen bezala dago. DBH kokatuko den lurra zehaztua dago, baina ez da pausorik eman. DBH­rentzat ere, galdutako urtea da».
Partehartze arautegiari buruz ere hitz egin zuen EH Bilduk atzo: «urraketen zerrenda geroz eta luzeagoa da. Erantzun gabeko galdera eta proposamenak pilatuz dijoaz eta Pleno eta Batzordeak lotsatzekoak dira».
Etxe hutsen kasuan, alokairu programan sartzeko ekimenik ez dela egin azpimarratu zuten: «diru kopuru galanta alferrik galdu da».
Azkenik, errefuxiatuen kasua ere aipatu zuen Gartziak: «errefuxiatuak bai, baina udal baliabideak eskaintzeko garaian, EAJk ezetz esan du Europar politiko lo­tsagarriarekin lerrokatuz».

«Gure jarrera da: proposamenak egin eta eraiki»
Bukatzeko, EH Bilduk erronka haun­dia duela jakinarazi zuen: «utzikeria honen aurrean, Asti­ga­rraga utzi genuena baino oke­rra­go ez egotea dugu helburu. Ur­te honetan, EH Bilduk herritarrekin prestatu ditu aurrekontuak, eta EAJK ahaztutako eremu eta ildoak txertatu dira horri esker. Emakumeen bisibilizazioa susta­tze­ko hainbat proposamen egin ditugu. Herri bideetarako, 4 urtean 150.000 euro inbertitzea eskatu du­gu, eta baita brigaden­tzako lo­kal berria ere. Udalak epe mo­tzean eskuratuko duen 800 me­troko lokalera haurres­ko­­la le­­kual­datzea eskatu dugu. Orain­goz ezezkoa jaso dugu, bai­na ez dugu etsiko. Udal Gobernu honen dinamikarekin ez zaigu lanik faltako, baina lanean jarraituko dugu. Azkenik PSE-EEri gogorazi nahi diogu hau aldatzeko ardura guztia berea dela, eta gu prest gaudela lanean jarraitzeko.» 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!