Beroketak atzean utzita, bete-betean lanean hasiko da arraunlari hernaniarren Maialen trainerua. Juanjo Etxarte eta Koteli entrenatzaileek puntu-puntuan jarri dituzte neskak, eta lana majo egingo dute asteburu honetatik aurrera, Gipuzkoako VII. Traineru Ligan, Euskotren Ligako sailkatze estropadetan, Gipuzkoako Traineru Txapelketan eta Kontxako Sailkatze proban.
Liga hasiera, bihar
Hain zuzen, bihar hasiko den Gipuzkoako Traineru Ligan, Hondarribian izango dute aurreneko zita, 17:00etatik aurrera. Aurkari izango dituzte Hondarribia, Deustu, Colindres, Donostia Arraun Lagunak, Getaria-Zarautz, Orio, Hibaika eta San Juan. Hurrengo jardunaldiak jokatuko dira hilaren 5 eta 26an; uztailaren 2, 9, 10, 16, 23 eta 30ean; eta abuztuaren 6, 7, 20 eta 27an.
Elorrabin gaur, Batelak
Bestalde, San Joanen bueltan urtero antolatzen den Fermin Etxeberriaren Oroimenezko IX. Batel Estropadak egingo dira gaur, 11:00etatik aurrera, Elorrabin. Bertan ariko dira, haur mailako nesketan, Hernani, Hibaika, eta Tolosa A eta B, eta mutiletan, Hernani, Hibaika, San Pedro, eta Tolosa A eta B. Kadeteetan, berriz, nesketan Hernani A, Hernani mistoa, Hibaika A eta B, eta Tolosa A eta B, eta mutiletan, Hernani, Hibaika, San Pedro A eta B eta Tolosa A eta B.
Gaurkoan, Hernaniko Arraun Elkarteak minutu bateko isilunea gordeko du, Santi Lujanbio gogoratzeko.