Azken bi zitak, igerilekua itxi aurretik

Kronika - Erredakzioa 2016ko eka. 18a, 02:00

Urtero bezala, hilaren 23an itxi egingo da kiroldegia, garbiketa egiteko. Baina igerilekua ez da berriro irekiko hainbat hilabetetan, obra egitekoak baitira. Hori horrela, azken bi zita berezi prestatu dira gaur eta asteazkenean.

San Joan Txapelketa eta ate irekiak, waterpoloan
Gaurkoa, waterpolo zaleen­tzako eguna izango da. Urtero bezala, San Joan txapelketa jokatuko da, eta aurretik, ate irekiak egingo dira.
Horrela, gaur eguerdiko 12:30etatik aurrera, nahi duen guztiak igerilekura azaldu eta waterpoloa probatzeko aukera izango du.
Ondoren, eguerdiko 15:00e­tatik aurrera, San Joan txapelketa jokatuko dute bost taldek: WP Donosti, Fortuna, Sestao, Hernani A eta Hernani B. Denek denen kontra jokatuko dute, 6 minutuko bi zatiko partiduetan, minutu bateko atsedenarekin. Partidu guztiak jokatuta, 18:30ak aldera jokatuko dira 3 eta 4garren postuak, eta 19:00etan finala. Sariak banatuko dituzte, bukatzeko.

Biltzen den dirua Wukrora eta igeriketa elkartera bideratuko da.

Azken luze solidariorako deialdia, asteazkenean
Igerilekuaz gozatzeko azken eguna, berriz, asteazkena izango da, eta zita solidarioa pres­tatu du Hernaniko Igeri­keta Elkarteak.
Egun osoan zehar, igerilekurako sarrera debaldekoa izango da, eta borondatea ordaintzen dutenen dirua bilduko da Wukrora eta igeriketa elkartera bideratzeko. 
Jardunaldia bukatzeko, 20:30etan azken luzeak egiteko deialdia egin diete igerilari eta waterpolo jokalari ohi guztiei ere.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!