Mitina eman zuten asteazkenean, Hernaniko hilerrian, EAJko Joseba Agirretxeak eta Maria Eugenia Iparragirrek; Kongresurako eta Senaturako hautagaiak Gipuzkoatik. Haiekin batera izan ziren beste hainbat ordezkari jeltzale ere, Andoni Amonarraiz Hernaniko bozeramailea tartean.
Gogora ekarri nahi izan zituzten, gerra zibilean bertan fusilatutakoak, eta aldarrikatu zuten, «Oroimen Historikoaren Legea bete dezaten» egingo dutela lan Madrilen, «gure aurrekoek egindako guztia ahaztua ez izateko». Horregatik, exijituko diote Espainiako Gobernuari, «itzultzea gerra zibiliean eta frankismoan euskal alderdi eta erakundeei ustiatutako guztia».
Izan ere, «egia ezagutzeak eta ezagutarazteak berriro ez errepikatzea bermatuko du», azaldu zuen Agirretxeak.
«80 urte beranduago, oraindik ez da egia osoa ezagutzen»
Agirretxeak salatu zuen, Estatuan ez dela legea betetzen: «80 urte beranduago, ez da egia osoa ezagutzen, eta beharbada ez da inoiz guztiz jakingo. Egiari lur gehiago bota zaio. Gerraren garaileek historia idazten jarraitu nahi dute eta ahaztu gaitezela. Ba ez gara ahaztuko. Herri honen alde gure aurrekoen sakrifizioa eta egindako guztia ez dugu sekula ahaztuko».