Zaila, oso zaila dauka Hernanik finalerako pasea, Herriarteko Txapelketan. Azpeitia izango du aurrean semifinaletan, iazko txapelduna eta irabazteko faborito nagusia, baina ezustekoa emateko borrokatuko dute hernaniarrek. Gaur jokatuko dute joanekoa, Azpeitian, gaueko 22:00etan.
Partidu berdindua espero dute kadete mailan Arizmendik eta Zugastik, Alberdi II eta Egigurenen kontra. Hernaniarrak Lazkaoren kontra bezain ondo arituz gero, eta frontoiaren txikitasunera moldatuta, irabazteko aukerak dauzkate.
Jubeniletan zaila, nagusietan ikusgarria
Zailagoa daukate Pagolak eta Berasartek, jubeniletan. Oso faborito dira azpeitiarrak, Alberdirekin eta Iriarterekin.
Eta nagusietan, ikusgarria izango da lehia: Ojuel eta Aizpitarte, Etxaniz eta Murgiondoren kontra. Kategoriako pelotari onenetakoak dira; haien arteko azken partiduan, hernaniarrak nagusitu ziren.