Ate joka dauzkagu San Joan jaiak, eta ongietorria egingo diete asteburu honetan, hamaika ekintzarekin. Aurrenekoak, gaur bertan izango dira: Haurrentzako Xake Txapelketa 17:00etan, Atsegindegin; eta Preludio Txikia 19:00etan, Atsegindegin hori ere.
Bertan hartuko dute parte, Ttarla dantza taldeak, Hernani eta Kantuz musika eskolek, eta Elizatxo, Inmakulada, Langile eta Urumea ikastetxeek. Guztira, 13 piezako saioa prestatu dute, San Joanei ongietorria egiteko.
Preludio nagusia, berriz, bihar izango da, 22:30etan hasita, Atsegindegin. Aurretik, kirol sorta zabala izango da: helduen xake txapelketa, estropadak Elorrabin, waterpolo txapelketa kiroldegian, Azeri Bila lasterketa, boxeo belada kiroldegian... Azken horretarako, sarrerak salgai daude Tripontzi eta Atxurren.
Aurorak eta tiro txapelketa, egitarauan gaizki
Bestalde, jakinarazi dute San Joanetako egitarau ofizialean gaizki daudela bi ekitaldiren datak: aurorak igandean izango dira, 08:00etan hasita; eta haurren Miguel Ollo tiro txapelketako kanporaketak larunbatean, Txantxangorrin, 17:00etan.