Jakoba Errekondoren Bizi Baratzea liburuaren arrakastari segida emateko, irudi eta komiki liburua argitaratuko du Argiak: Bizi Baratzea, Altza Porru. Karabeleko ekonekazaritza etxaldean (Portu auzoa, 34) aurkeztuko dute bihar, arratsaldeko 18:00etan, festa txiki baten bitartez.
Zortzi marrazkilariren lanak, liburuan
Umorea da liburuaren osagai nagusia, eta zortzi marrazkilari ezagun aritu dira lanean, Jakoba Errekondorekin batera: Antton Olariaga, Asisko, Unai Iturriaga, Ainara Azpiazu Axpi, Mattin Martiarena, Joseba Larretxe, Unai Gaztelumendi eta Zaldieroa.
Baratzea mundu askotarako atari izan daitekeela erakutsi nahi izan dute bertan.
Maialen Lujanbiok egin du atarikoa, eta Idoia Torregaraik, Errekondoren karikatura bitxi bat. Aurkezpenean izango dira biak, eta hitza hartuko dute, Argiak sarrera egin ondoren. Gero, Errekondo bera ariko da, eta azkenik, marrazkiak egiten ariko dira, liburuan parte hartu duten irudigileak.