Ekitaldi irekia antolatu du EH Bilduk gaur, arratsaldeko 19:30etan Plaza Berrin; eguraldi txarra egingo balu, Atsegindegin.
Ekainaren 26ko hauteskundeen bueltan izango da, eta EH Bilduko bi kidek hartuko dute parte: Jone Etxeberriak eta Julen Arzuagak.
Hauteskundeetan, Gipuzkoako zerrendako hautagaia da Etxeberria, «sozio-ekonomia arloan aditua, filosofian lizentziatua eta ikertzailea». Arzuaga, berriz, EH Bilduren ordezkari da Eusko Legebiltzarrean, abokatua eta idazlea; «giza eskubideen alorrean aritu da gehienbat, eta Euskal Herriko Giza Eskubideen Behatokiaren sortzailea da. Ondo ezagutzen du Hernani, duela urte batzuk bertan izan baitzen».
Herritarren kezka eta galderei, erantzunak
Ekitaldian, herritarrei entzungo diete aurrena, beraien kezkak eta galderak ezagutzeko. Eta aurkeztuko dituzte, EH Bilduk proposatzen duena, horiei erantzuteko: «EH Bilduk herritarren ordezkari izan nahi du Madrilen, beraien ahotsa eraman», adierazi dute.