Ekainaren 26ra begira, Astigarragako EH Bilduk hasi du kanpaina. Ostegunean hasierako afaria egin zuten Zipotzan, eta kanpainaren nondik norakoak zehaztu zituzten. Hala ere, datozen egunetarako zehaztu dituzte hainbat ekimen. Gaur esaterako, Hobetzeko entzuten. Lehen urteko balorazioa lelopean jardunaldia antolatu dute Sagardo Plazan. Arratsaldeko 19:00etan egin dute zita, eta EH Bilduko ordezkariek urteko errepasoa egin eta herritarren galderak entzungo dituzte. Jardunaldia aprobetxatuko dute, baita ere, ekainaren 26ko hauteskundeak Astigarragarako eta herritarrentzat duten garrantzia azaltzeko.
‘Pintxo botoa’, bihar
Bihar berriz, pintxo botoaren bueltan elkartu nahi dituzte herritarrak. Erribera, Arrobitxulo eta Ergobia plazetan egingo dute: «pintxo, jolas eta umorez lagunduta, EH Bilduren proposamen berri izango dute herritarrek».
Bizikleta eta mendi martxa, datozen egunetan
Azkenik, ostiralean bizikleta martxa antolatu dute herrian zehar; eta larunbatean mendi martxa egingo dute Santiomenditik barrena.
Posta bidezko botoa, bihar arte
Bukatzeko, ekainaren 26an botoa emateko zailtasuna dutenei begira, gogoratu dute posta bidez emateko aukera dagoela. Bihar da posta bidezko boto eskatzeko azken eguna.