«Neoliberalismoak gutariko bakoitza erabat ezgaitu aurretik, bada garaia inoren zain egon gabe, gure kabuz ekiteko. Euskal Herrian aldaketa beharrezkoa da, prekarietatea baita sistema honek gazteoi eskaintzen digun etorkizun bakarra», aldarrikatu du Hernaniko Gazte Mugimenduak.
«Gure kabuz lanean hastearen beharra azaleratu nahi dugu; alternatibak eraikitzen hasteko garaia dugu».
Eta lanean jartzeko, «alternatibak eraikitzeari ekiteko», zita jarri dute etzi, ostegunean, arratsaldeko 18:00etan Biterin: «Mapeo Kolektibo bat egingo dugu, gazte guztion artean. Helburua izango da, herrian ditugun aukera eta arriskuak identifikatzea, dinamika martxan jartzeaz gain».
Dinamika honekin, lortu nahi dute Euskal Herri osoko kolektiboek elkar ezagutzea, eta Gazte Mugimendua saretzeko beharrari erantzutea.
Eztabaida, hausnarketa eta esperientzia trukaketa
«2016an ospatuko ditugun Gazte Mugimenduaren topaketak ez dira helburu bat; baizik eta eztabaidarako, hausnarketarako eta esperientzia trukaketarako espazio bat eskaintzea, gazte problematika ildo desberdinetatik jorratzen duten espresio desberdinei», azaldu dute.
Eta Hernanin ere jarri nahi dute lanean horretan: «gure kabuz lanean hastearen beharra azaleratu nahi dugu; alternatibak eraikitzen hasteko garaia dugu, eta denon ardura da. Beraz, eztabaida hau gazte guztion artera zabaldu behar dugu». Aurrena, aukerak identifikatu nahi dituzte, zein arlotan eragin daiteken ikusi; «eta azken fase batean, ideiak egi bihurtzen hasi behar dugu. Gu geu gara bide bakarra! Bagoaz gure herria guk nahi bezala eraikitzera, kapitalaren hatzaparretatik ihesi».