Ezin hobeto dabiltza pelotari hernaniarrak azkenaldian, eta momentu gozoa aprobetxatu nahi dute gaur, beste balentria haundi bat lortzeko. Herriarteko Txapelketaren semifinaletara sailkatu ziren larunbatean, eta horixe bera errepikatzen saiatuko dira gaur, Berria Txapelketan. Kiroldegiko frontoian izango da, arratsaldeko 18:30etan hasita.
Kanporaketa zaila, Ilunperen kontra
Ez dute batere lan erraza izango, ordea. Ilunperen kontra jokatuko du Hernanik, eta azpeitiarrak izango dira faborito, final laurdenetako azkeneko kanporaketan.
Kadete mailan, Arizmendi eta Zugasti ariko dira, eta aurrean, bikote onenetako bat izango dute, Iriarte eta Egiguren; Gipuzkoako txapeldun buruz buru aurrenekoa, eta Euskadiko azpitxapeldun binaka bigarrena. Zaila izango dute hernaniarrek, ezustekoa ematea. Eta berdin Lazkanok eta Alberdik, jubeniletan, Alberdi eta Odriozolaren kontra.
Kinielak zailago daude nagusietan. Arrieta eta Aizpitarte ariko dira Hernaniren aldetik, kategoriako bikote onenetakoa, eta aurrean izango dituzte Etxaniz eta Murgiondo, sasoi onenean dagoen atzelaria.
Berria Txapelketako final laurdena jokatuko du gaur Hernanik, Ilunperen kontra, 18:30etan kiroldegiko frontoian.
Azpeitiaren kontra, Herriartekoan ere
Larunbatean egin zuen haundia Hernanik, Lazkaon, eta joanekoan bezala, kadete eta nagusietako partiduak irabazi zituen. 22-13 nagusitu ziren Arizmendi eta Zugasti, eta 22-9 Ojuel eta Aizpitarte.
Horrela, semifinaletara sailkatu dira, eta hor ere, Azpeitia izango dute aurrean. Joanekoa Azpeitian jokatuko dute, datorren asteburuan; eta Hernanin bueltakoa, San Joanetan. Jai giroan bilatuko du, beraz, final haundirako txartela.