Nabaria da gainean direla San Joan jaiak. Auzoz auzo, festa giroan murgilduta dabil Hernani azkenaldian, eta aste honetan, festa nagusietarako beroketak hasiko dira: Preludioa, Azeri Bila...
Txartel salmenta eta eskaeretarako epeak
Prestaketa lanetan murgilduta, Sutu Hernanik bazkaria antolatu du hilaren 25erako, eta txartelak salgai izango dira ostiralera arte Aker, Garin, Goiz Argi eta Zintzarrin. Begano eta begetarianoek adierazi egin behar dute beste menu bat nahi dutela.
Bestalde, Xalaparta Txarangaren 50 urteak ospatzeko afaria egingo da hilaren 24an, eta igandera arte eman daiteke izena.
Bestelako eskaerak egiteko epea ere aste honetan bukatuko da: udaletxean eskatu behar da jaien hasiera edo bukaera balkoitik ikusteko aukera izatea, eta leku publikoetan sua egiteko baimena.
Entsaioak eta emanaldiak
Prestaketa lanen barruan, Etxeberriko haurren danborradan parte hartu zutenek astelehenetik ostegunera dituzte entsaioak, 18:30etan, San Joanetan ateratzeko.
Gainontzean, eztanda egingo dute ekitaldiek: ostiralean, Gerardo Plazaren Oroi-menezko haur xake txapelketa, eta XVIII. Preludio Txikia izango dira, eta asteburuan, aurorak, Azeri Bila, Txantxangorriren hiru tiro txapelketa, boxeoa, palankariak...