«Arrakasta haundia» izan duela eta, «denak zoriondu» egin nahi izan ditu Iñigo Elizegik, gasolindegia sortzeko Goizu Koop. kooperatiba osatu ondoren. Elizegi bera izanen da lehendakari.
Hain zuzen, larunbatean egin zen batzarra, kooperatiba sortu eta zuzendaritza taldea aukeratzeko.
165 boto, zuzendaritza taldea aukeratzeko
Larunbateko batzarrean kooperatibako estatutuak onartu eta zuzendaritza taldea aukeratu ziren.
Ondorengoak dira zuzendaritzako kide: Iñigo Elizegi, lehendakari; Unai Loiarte, lehendakari orde; Unai Miranda, idazkari; Maria Eskudero, diruzain; Xabier Otaño eta Igor Elizegi, bokal; eta azkenik, kontu hartzaile, Juan Antonio Lekuona.
Guztira, 165 herritar egin dira kooperatibako kide, eta denek bozkatu zuten, dela zuzenean, edo dela boto delegatuen bidez.
Horrexegatik, Iñigo Elizegi lehendakaria, eta proiektuaren bultzatzaileetako bat, oso pozik agertu da gasolindegia sortzeko kooperatiba osatzeak izan duen harrerarekin. «750 herritar inguru dituen herri batean, batzarrean 100 lagun biltzea arrakasta haundia da. Inkesta egin genuenean, 155 lagunek esan zuten bazkide egiteko prest zeudela, eta azkenean, 165 izan dira. Arrakasta haundia izan du, eta denak, herritar guztiak, zoriondu nahi nituzke».
«750 herritar inguru dituen herri batean, batzarrean 100 lagun biltzea arrakasta haundia da; zorionak!»
Erregistratu ondoren, finantziazio bila
Batzarraren ondoren, asteazkenean erregistratu zuten Goizu Koop. kooperatiba berria, Nafarroako kamaran. «Aurrerago izanen da aukera bazkide berrientzat, baina orain, legearen arabera, hilabete batzuetan ezin izanen da bazkide berririk sartu».
Hurrengo pausua izanen da, gasolindegia egiteko finantziazioa bilatzea.