Oso gertu bai, baina garaipenik gabe geratu zen Urko Semperena, aurreko igandean, Anoetako proban. Azkenean, bigarren postuaren konformatu behar izan zuen, Iñigo Altuna lasartearraren atzetik.
Lasterketaren hasieran egin zuen ihes astigartarrak, Luis Mari Garikano eta Manex Irazustarekin, eta 12 txirrindulariko talde bat batu zitzaien gero. Hortik aurrera, bai Orendain eta bai Altzo igotzen, erritmoa bizitu zuen Semperenak, eta baita taldea txikitu ere, baina azkeneko jaitsieran, Altunak eta Garikanok egin zuten ihes.
Hala ere, astigartarraren eta Azparren taldekidearen lanak, gertu mantenduko zuen taldetxoa, eta azken kilometroan harrapatu zituzten biak. Orduan, esprinta jo zuen Semperenak, baita buruan jarri ere, baina azken metroetan hartu zion aurrea Altunak.
Arantzazuko Igoeran, lanean
Aurreko egunean ere izan zuen lasterketa Urko Semperenak, Oñatitik Arantzazura Igoeran. Proba berezia da, bederatzi kilometrokoa, dena gorantza. Eta lanerako zegoen astigartarra: aurreneko bi kilometroetan sua piztu, eta 15 laguneko taldetxoa utzi zuen, Jokin Sarasola taldekidearen mesedetan. Azkenean, seigarren izan zen Sarasola, eta 18garren sartu zen Semperena helmugan.
Romero bosgarren, Lasarten
Tasio Semperena alebinak eta Jaime Romero infantilak, berriz, Lasarten izan zuten zita, larunbatean. Zirkuitu teknikoenetakoa da, igoera eta jaitsiera batekin, eta kurba itxi batean bukatuta. Ez zuen bere onena eman Semperenak, 18garren; baina aurrean ibili zen Romero, eta bosgarren sailkatu zen.
Lan zaila Euskadikoan, Oterminek eta Semperenak
Egun zaila izan zuten Tomas Otermin eta Telmo Semperenak Gasteizen, Euskadiko Txapelketan. Erritmo bizian hasi zen proba, eta Salinas de Añanako igoeran, erretiratu behar izan zuen Oterminek. Semperena, berriz, atzean geratu zen, baina bukatzea lortu zuen, 46garren.
Gipuzkoako Txapelketa, kadete eta jubenilek
Asteburu honetan, zita garrantzitsuak dauzkate. Jubenilek, Gipuzkoako Txapelketa izango dute gaur, 10:00etan Urretxun; eta kadeteek, bi egunetan: erlojupekoa gaur arratsaldean Bergaran, eta iraupen proba bihar Oñatin. Alebin eta infantilak, Zumaian ariko dira gaur, arratsaldeko 16:30etan hasita.