Lazkaon jokatuko du Hernanik gaur, Herriarteko Txapelketan, final laurdenetako bueltakoa. Joanekoan lortu zuten abantaila hernaniarrek, hiru partidutik bi irabazita, eta 19 tantoko aldearekin; baina ez dute lan erraza izango gaur, arratsaldeko 16:30etatik aurrera.
Garikoitz Arizmendi eta Oihan Zugasti ariko dira kadete mailan; Xabat Pagola eta Ioritz Berasarte jubeniletan; eta Paul Ojuel eta Eneko Aizpitarte nagusietan.
Urteko txapelketa ezagunenean, semifinaletara sailkatu nahi du Hernanik. Eta hasiera batean, faborito da aurrera egiteko. Horretarako, pelota elkarteak herritar guztiei luzatu die deia, Lazkaora gerturatu eta pelotari hernaniarrak animatzera.
Euskal Herriko finala, Lazkano eta Arizmendik
Goizean, berriz, beste zita garrantzitsu bat daukate pelotari hernaniarrek: Trinketeko Euskal Herrikoan, finala jokatuko dute Ander Lazkano eta Endika Arizmendi jubenilek. 10:30etan izango da, Iruran.
Aurrean izango dute bikote bizkaitar bat, Galdakaoko Adiskide taldekoa. Haiek dira faborito, baina bere onena emango dute hernaniarrek, Gipuzkoakoan lortutako txapela errepikatzeko.