Ikasturtearen azken txanpan daude AEKn, eta modurik onenean bukatu nahi izan dute. Oibarko aterpetxean pasa zuten aurreko asteburua, Hernanialdeko AEKko ikasle, irakasle eta lagunek.
Eguraldia lagun, Leyreko monastegian izan ziren larunbat goizean, eta bertan bazkalduta, Zangozara mugitu ziren arratsaldean, bertan Euskeraren Eguna ospatzen zutela aprobetxatuz: haurrak jolasetan, eta helduak txarangarekin poteoan. Aterpetxera bueltatu, afaldu, eta hainbat jolas egin zituzten guztiek.
Irunberriko arroila ezagutzera joan ziren hurrengo goizean, eta bainu bat hartzeko ere aprobetxatu zuten. Bazkaldu ondoren egin zuten etxera buelta: «beste behin, aukera ezin hobea izan da, harremanak sendotu eta ikasturtean zehar ikasitako euskera praktikatzeko», azaldu dute.
Eskaintza berezia, datorren ikasturterako
Bestalde, zabalik dago AEKn, aurrematrikula epea. Eta orain eginez gero, abantailak eskaini dituzte: %5eko deskontua, ordaintzeko epe bat gehiago, eta lehentasuna; eta baita %100a itzultzeko konpromisoa ere, irailaren 26a baino lehen jakinaraziz gero ez duzula ikastaroa egingo.
Ekainaren 19ra arte dago epea izena emateko, Nabarra Oñatz kaleko lokalean.